GAURKO GREBA OROKORRA

Posted: 2012/11/14 in GREBA OROKORRA

Nafarroa erdialdean eta hegoaldean izan du grebak oihartzun handiena

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan industrian eta eraikuntzan izan du jarraipena, sindikatuen arabera.

Jendetza bildu da eguerdiko mobilizazioetan, Iruñean eta Bilbon.

Normaltasuna izan da nagusi gaur Hego Euskal Herrian deitu duten urteko hirugarren greba orokorrean. Industrian izan du eragin gehien, batik bat, Nafarroan. Arlo horretako enpresa batzuetan %50 eta %60 arteko erantzuna izan du grebak, UGTko EAEko antolakuntza idazkari Raul Arzak azaldu duenez. Nafarroan, Volkswageneko lantegia geldirik da, UGTren arabera langileen %98k bat egin baitute greba deialdiarekin.

Vokswagenen egunez auto bat ere ez dutela egingo jakinarazi du Jose Luis Manias langile batzordeko presidenteak, eguneko hirugarren lantaldea osatu behar zutenetatik soilik gutxieneko zerbitzuetakoak joan direla argudiatuta. Hortaz, lantegiaren jarduna geratuta egongo da arratsaldean ere, aurreko bi txandetan gertatu den bezala. 1.408 auto egiten dituzte egunero. Maniasek esan du jarraipena “masiboa” izan dela eta langileen erantzuna “oso ona” izan dela.

Deitzaileen artean ere, banaketa

Ertzaintzak jakinarazi du ez dela aparteko istilurik izan eta “lasaitasuna” nagusitu dela lehen orduetan. Sindikatu deitzaileen arabera, EAEn eraikuntzako sektoreko langileen %60k eta industrian %50ek bat egin dute grebarekin. Lanuzteaz gain, hainbat mobilizazio egin dira hiriburuetan.

Bilbon, CCOOk eta UGTk manifestazio bat egin dute alde batetik eta ESK-k, CNTk eta LKNk bestetik. 200 pertsona inguru elkartu dira ESK-k, CNTk eta LKNk deituta, eta Jesusen Bihotzetik Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzarako bidea egin dute. Gure indarra berreskuratzen, aurrera langileria lelopean egin du bidea CNTk. Martxa hasi baino lehen, M15 plataformako kide batzuek batasun sindikala eskatzen zuen pankarta bat zabaldu dute. Bideoa: Endika Albabort CNTko kidea.

Kalearen beste muturretik abiatu da UGTk eta CCOOk eginiko martxa. Bertan izan da PSE-EEko bizkaiko idazkari nagusi Jose Antonio Pastor; Espainiako Gobernuari “politika ekonomikoan aldaketa sakona” egiteko eskatu dio, eta “atsekabea” azaldu du ELAk eta LABek ez dutelako greba deialdiarekin bat egin. Orotara 5.000 pertsona inguru elkartu dira CCOOk eta UGTk deitutako martxan, eta horien artean izan da, besteak beste, Phillipe Mediavilla Akitaniako CGTko kidea. Bere esanetan, “Europa gehiago batu behar dugu politika kapitalistei aurre egiteko”.

Zaragoza etorbidean hasi eta Sarasaten bukatu da Iruñeko martxa. Amaieran, UGTk nabarmendu du grebaren jarraipena Nafarroan %70ekoa dela. Bi arrazoi ikusten dituzte grebarako: otsaileko lehen erreforma eta geroztik izan diren ”murrizketa oldea”. ”Gure Ongizate Estatua eraitsi nahi digute, eta ’gure’ diot langileen borrokarekin eraikia izan delako”.

Normaltasuna

Loiuko aireportuan, ohi baino ehun hegaldi gutxiago programatu dituzte gaurko. 39 antolatu dituzte, eta %72 utzi dituzte bertan behera, CCOOren arabera. Euskotrenen, berriz, gutxieneko zerbitzu guztiak emanez hasi dute eguna. Bilboko Metroan, berriz, ohiko zerbitzuen erdiak ari dira lanean —Jaurlaritzak %30eko zerbitzu minimoak ezarri zituen garraioan—.

Mercabilbaon, Basaurin, normaltasunez ireki dituzte ateak, eta ez da piketerik izan. Izan dira, ordea, Termibusen, Bilboko autobus geltokian; hainbat pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak, autobusen irteerak galarazten saiatzeagatik. Bilbon bertan, irekitzea erabaki duten denda askok 10:00etan zabaldu dituzte ateak, eta ez da aparteko istilurik izan. Bultzakada  batzuk izan dira El Corte Ingles inguruetan piketeen eta saltokirako sarrera zaintzen zuten ertzainen artean.

Hirugarren greba orokorra

Martxoaren 29an eta irailaren 26an eginiko greben ostean, Hego Euskal Herriak aurten duen hirugarren greba orokorra da gaurkoa. Martxokoan bat egin zuten CCOOk, UGTk, LABek eta ELAk, eta soilik sindikatu abertzaleek deitu zuten irailekora. Gaurkoan, CCOOk eta UGTk prestatu dute greba, eta eguna “historikoa” izatea espero zuten.

 

Langile publikoen %4,48k egin dute bat grebarekin, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Arabako, Bizaiko eta Gipuzkoako behargin publikoen artean %4,48ko babesa jaso du grebak, Eusko Jaurlaritzak esan duenez. Hezkuntzan, %3,76k egin dute bat deialdiarekin; Osakidetzan, ordea, %3,43k. Justizia arloan jaso du babes handiagoa (%17,09), eta Herrizaingo Sailean apenas eten den lanaldia (%0,31).  Irailaren 26ko greba egunak %29,84ko babesa izan zuen, eta martxokoak %53,42.

Patronalek antzeko datuak eman dituzte. Araban, patronalak esan du langileen %5,6k babestu dutela greba. Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Elkarteak, berriz, esan du Bizkaian ez direla %5era iritsi greba egin duten beharginak. Halaber, Adegi Gipuzkoako patronalaren arabera, %3ko jarraipena izan du grebak herrialde horretan.

Confebasken arabera, enpresen %85ek “normaltasun osoz” egin du lan gaur. Zehazki esan du Gipuzkoan apenas izan duela oihartzunik, eta soilik %3koa izan dela gaineratu du. Araban %5,6koa izan dela esan du, eta Bizkaian, %5ekoa. Bidez batez, Confebaskek esan du formula berriak bilatu behar direla sindikatuen haserrea agertzeko, enpresak “gehiago” kaltetu gabe. Gaineratu du formula bezala grebaren agortzen ari dela, eta “azken aukera” izan beharko lukeela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s