SORTZAILE IZAN NAHI AL DUZU?

Posted: 2012/11/10 in SORTU

Abian da Sorturen eratze prozesua

 

Gaur aurkeztu dituzte Donostian Sorturen eratze prozesuaren nondik norakoak 250 “Sortzaile” inguruk.

Aurreratu dutenez, Euskal Herri osoko “ezkertiar independentisten bilgune politiko berria” izango da antolakunde berria, eta “iraultza demokratikoa martxan jartzea” izango du fase politiko berrirako helburua.

Datorren astean hasiko dituzte herri eta auzoetako batzarrak, eta otsailaren 23an egingo dute lehen kongresua.

   

Donostiako Zientzia Museoan aurkeztu dituzte Sorturen eratze prozesurako oinarri nagusiak, izaerari zein metodologiari dagozkionak. “Euskal Herri askearen alde lanean eta borrokan diharduten independentista eta sozialisten Herritar Batasun historikoaren adierazpen politiko berria” izango da antolakundea; zehazki,  “Zutik Euskal Herria ebazpenaren adierazpen politikoa, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren ondarea jasoko duena”. Ezker abertzaleko hainbat arlo eta belaunalditako militanteak izan dira aurkezpenean; besteak beste, Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu, Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Maite Aristegi, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Bakartxo Ruiz, Joseba Alvarez eta Joseba Permach.

Ugarteburuk azaldu duenez, 300 lagun inguruk hartu dute parte joan den udaberrian abiatutako prozesuan, eta haiek jasotako ekarpen guztiekin osatu dituzte eztabaidagai izango diren ponentziak. Aurreikusi dutenaren arabera, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako 293 herritan egingo dituzte eztabaidarako batzarrak, hiru txandatan: azaroaren 17tik 24ra bitartean eztabaidatuko dituzte oinarri ideologikoak; abenduaren 15ean ildo politikoa; eta urtarrilaren 26an antolaketa eredua. Esku artean zuten aurkezpenean izan direnek lehen ponentzia, oinarri ideologikoak eta antolaketa eredua biltzen dituena; izan ere, herriz herriko banaketa egin dute jada, eta interneten ere ikus daiteke. Eztabaiden ostean, otsailaren 9an egingo diren hauteskundeen bidez hautatuko dituzte barne kargu guztiak eta ponentzieri egindako ekarpen eta zuzenketak.

Gaur argitutako xehetasunak Hego Euskal Herriko lau lurraldeei dagozkienak badira ere, Ugarteburuk argitu du nazio mailako izango dela Sortu. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ezberdina izango da eztabaiden egutegia, baina otsailaren 23ko kongresuan egingo dute bat lurralde guztiek.

“Iraultza demokratikoa”

“Fase politiko beria Euskal Herrian iraultza demokratikoa burutzeko baliatu behar dugu”, adierazi du Barrenak. Bide horretan, “lehentasunezko” jo dute Euskal Herria subjektu politiko gisa aitortuko duen eta erabakitze eskubidean oinarrituko den marko demokratikoa lortzea. Dena den, Barrenak zehaztu du “kamuflatutako diktadura politiko eta ekonomikoak” baino ez direla gaur egun demokraziatzat hartzen diren ereduak, eta ezinbestekotzat jo du “herritarren parte hartzea bermatuko duen gizarte eta instituzio eredua” bultzatzea. Horretarako bitarteko izan nahi du antolakunde berriak, Barrenaren hitzetan: “Sortuk ez dio lekurik hartzen utziko ez neoliberalismoaren goroldioari, ez eta Espainia eta Frantziaren herdoilari. Aurrez aurre izango gaituzte, zin egiten dugu”. Horrela, beren burua ezkertiar eta independentistatzat duten eta Zutik Euskal Herria ebazpena bere egiten duen orori luzatu diote prozesuan parte hartzeko gonbita, “aurrez ezker abertzaleko kide izan ala ez”.

Iazko otsailaren 7an aurkeztu zituen Sortuk bere estatutuak, eta joan den ekainaren 20anlegeztatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s