‘Eman euskara elkarri’ izango da Korrikaren 18. edizioaren leloa
Euskara euskal herritarron “elkarbizitzarako gakoa” dela nabarmenduko du datorren urteko Korrikak. Martxoaren 14an abiatuko da Andoaindik (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parketik, eta hilaren 24an amaituko da Baionan. Eman euskara elkarri izango da leloa, Edurne Brouard Korrikako arduradunak esan duenez: “Euskara da euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko aukeratu dugun hizkuntza. Elkarbizitzaz hainbeste hitz egiten den honetan, ezinbestekoa da elkarbizitza garatuko den hizkuntzaz ere mintzatzea”.
Bilbon aurkeztu dute gaur goizean euskararen aldeko lasterketaren 18. edizioa. Oraingoan, euskara ikasten ari diren “milaka lagunak” omenduko dituzte. “Bere ahaleginarekin, euskaraz bizi ahal izateko aukerak sortzen ari direlako”, argudiatu du Brouardek.
Era berean, euskara hizkuntza “bizia” dela, baina “ahul” dagoela ekarri du gogora. Horregatik, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak eskatu dizkie ordezkari politikoei, baita hizkuntza ikasi nahi dutenei erraztasunak jartzeko ere. Ildo horretan, eta leloari erreparatuta, euskara elkarri ematera deitu ditu herritarrak: “Bakoitzak duen egoeratik abiatuta, eman”.
Martin Ugalde kultur parkea izango da abiapuntua, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 10. urteurrena oroitzeko. 2003ko Korrika Iruñean amaitu zen, eta orduko hartan Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariak idatzi eta irakurri zuen Korrikaren amaierako mezua.