SORTUren ERATZE PROZESUAN

Posted: 2012/11/07 in SORTU

Sortuk eratze prozesuko txostena atera du, oinarri ideologiko eta antolaketa ereduarekin

 

 

Otsailean alderdi berriaren lehen batzarra egingo dute. Sortu ‘Zutik Euskal Herria’ ebazpenaren adierazpen politikoa dela dio lehen artikuluak. Hauteskunde zerrendetarako hautagaiak bozketa bidez erabakiko dira. Indarrak biltzea izango du zereginetako bat, eta erabakitzeko eskubidearen eta aurrerabide sozialaren alde aliantza politika bultzatu beharko du, txostenean jaso dutenez.

Gaur goizean Sortuk alderdia eratzeko txostena jarri du eskura webgunean. Oinarri ideologikoa eta antolaketa eredua azaltzen ditu horrek. Lehen artikuluan dio Sortu Zutik Euskal Herria ebazpenaren adierazpen politiko “zehatza” dela: “Ebazpen hark bihurtzen du Sortu Euskal Herriko independentisten eta sozialisten erreferentzia jarduera eta borroka politikoan”. Udaberrian herri eta auzoetan abian jarritako lan taldeetan egindako ekarpenen emaitza da txostena. 300 pertsonatik gora parte hartu dute prozesu horretan.

Azaroaren 17an eta 24an egingo dituzte lehen herri eta auzo bilerak, txostena aztertzeko. Sorturen oinarri ideologikoei dagokien atala jorratuko dute bilera horietan.

Hurrengo fasea abenduan egingo dute; ildo politikoen gaineko batzarrak egingo dituzte. Abenduaren 15a ezarri dute agendan, bilera eta eztabaida horiek egiteko.

Urtarrilean, berriz, antolaketa ereduari buruzko eztabaida, proposamen bilketa eta zuzenketak egiteko txanda izango da.

Txostenaren eztabaida hiru hilabete horietan gauzatuko dute, eta barne hauteskundeen prozesua otsailean itxiko dute. Euren burua ezkerrekoa eta independentista eta Zutik Euskal Herria adierazpena bere egiten duen edonork parte hartu dezake prozesuan. Pertsonak izango ddira eztabaidaren muina eta ez da korronte edo talde antolaturik onartuko.

Txostenean dio Sorturen proiektu politikoa ezker abertzaleak historian jaso duena dela: “Euskal Herri independentea eta sozialista, hau da, estatu egiturak izango dituena. Euskal Estatua behar dugu Euskal Herriak bizirik irautea eta bere garapen osoa bermatzeko, herri nortasuna eta herritarren eskubideak zein ongizatea ahal bezainbeste garatzeko”.

Alderdi berriaren helburu nagusietako bat indarrak biltzea izango dela ere zehaztu dute, “ezker abertzale osoari” norabide taktiko eta estrategikoa eskaintzearekin batera, hala arlo ideologikoan nola masa arloan eta arlo instituzionalean. “Gainera, bi ezaugarri nagusi hauek izango dituen aliantza politika bat bultzatu beharko du: izaera estrategikoa duen proiektu iraultzaile abertzale eta ezkertiarrarekin kontsekuentea izatea eta, aldi berean, erabakitzeko eskubidearen eta aurrerabide sozialaren alde abian jarritako prozesu demokratiko taktikoarekin koherentea izatea”.

Indar metaketa “prozesu demokratikoaren” mesedean jarri nahi du Sortuk, eta prozesu horren “muina” erabakitzeko eskubidea dela dio. “Estatuekin akordioen bitartez edo aldebakartasunetik, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzen joan behar du”. Konponbide prozesuari begira, elkarlana eta akordioak sustatzeari emango dio lehentasuna, “orain arte etsai edo arerio” izan direnekin ere elkarlanerako eremuak zabalduz.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean “fase eta tarteko helmugak” bete beharko direla dio talde eragileak. “Esate baterako, lau herrialdeko Autonomi Estatutu bat Hego Euskal Herrian (Nafarroako berezitasuna aitortu beharko duen eta lurraldeen arteko harremana zehaztuko duen barne araudia ere jaso beharko du) eta Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioa”.

Oinarri ideologikoei dagokionez, Sortuk ezker abertzalearen helburu estrategiko historikoak bere egiten dituela dio txostenak: “Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortzea, internazionalismoaren, ekologismoaren eta aniztasunaren balioetan ere oinarritua”.

Hautagiak proposatzeko epeak

“Behetik gora” aukeratuko dira Sorturen herri edo hiri mailako, herrialde mailako eta nazio mailako arduradunak, baita hauteskundeetarako hautagaiak —Sortuk, halere, ez du bere izenean ordezkaritza instituzionalik izango, indar metaketaren araberako koalizioaren parte izango baita—.

Herri batzarretan parte hartzen ari diren herritarrek proposatu ahal izango dituzte eurek nahi dituzten izenak, eta boto gehien jasotzen duten pertsonek beteko dituzte kargu horiek, alderdiaren kargu guztien %80. Gainontzekoak, herri, herrialde edo nazio mailako taldeetan proposatutako zerrendatik (plantxak) berretsi beharko dira. Izenak proposatu eta horiek kontrastatu ostean —kargurako prest dauden galdetu eta baldintzak betetzen dituzten aztertu ostean— berretsiko dituzte.

Abenduan itxiko da hautagaiak proposatzeko epea, eta hortik aurrera hautagaitzak berresteko epea irekiko da, eta otsailaren 9an bozkatuko dira. Otsailaren 23ko lehen batzarrean, txostenaren eta hari egindako ekarpen eta zuzenketen bozketa egingo dute, eta hainbat mailatan aukeratutako zuzendaritzen berrespen bozketak ere egingo dituzte.

Batzar Nazionalak lau urtean behin egingo dira, eta hori izango da zuzendaritza izendatzeko eta ildo estrategikoa finkatzeko organo erabakitzaile nagusia.

Sorturen eratze prozesua Hego Euskal Herriari begira ezarrita dago. Ipar Euskal Herrian ere errotu nahi du, baina tarteko egutegi ezberdin batekin. Otsailaren 23ko Batzar Nazionalera, baina, Ipar Euskal Herriko taldeak bere proposamena aurkeztuko du.

Espainiako Epaitegi Konstituzionalak ekainaren 20an legeztatu zuen Sortu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s