OBAMA GARAILE

Posted: 2012/11/07 in HAUTESKUNDEAK
Barack Obama
Mitt Romney

Barack
Obama

332

Mitt
Romney

206

Obama garaile

Lehia estua izan dute bi hautagaiek estatu ugaritan.

Mitt Romney Alderdi Errepublikanoko hautagaia aurretik izan da gau guztian, baina Obamak eskuratu ditu estatu zalantzati askotako ordezkariak.

Obamak esan du “inoiz baino gogo gehiagorekin” itzuliko dela Etxe Zurira.

Floridan azkenean hautagai demokrata izan da garaile; bederatzi ‘swing’ estatuetan irabazi du.

Barack Obama Alderdi Demokratako hautagaiak irabazi ditu AEBetako presidente izateko hauteskundeak, eta beste lau urtez izango da karguan. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, bigarren aldia da Alderdi Demokratako hautagai batek bi hauteskunde jarraian irabazten dituena; Bill Clinton izan zen aurrena. Boto guztiak zenbatu ez dituzten arren, ehun bat ordezkariren aldea atera dio Obamak Romneyri, baina lehia estua izan dute botoetan. Edonola ere, 2008an baino boto gutxiago jasota irabazi du Obamak.

AEB ekialdetik mendebaldera orduz ordu bozkalekuak ixten ari dira estatu guztietan, eta dagoeneko botoak zenbatzen ari diren estatuetako lehen emaitzek Obama jotzen dute garailetzat. Mendebaldeko Virginia, Hego eta Ipar Dakota, Wyoming, Louisiana, Idaho, Utah, Missouri, Mississippi, Kansas, Arkansas, Arizona, Nebraska, Alaska, Texas, Georgia, Tenessee, Oklahoma, Hego eta Ipar Carolina, Alabama, Indiana eta Kentuckyko ordezkariak lortu ditu Romneyk. Obama, berriz, Pennsylvania, Michigan, New York, Mexiko Berria, New Jersey, New Hampshire, Vermont, Oregon, Rhode Island, Ohio, Conneticut, Massachusetts, Maryland, Virginia, Minnesota, Colorado, Washington, Nevada, Wisconsin, Kalifornia, Hawaii, Illinois, Washington DC, Maine, Floridan eta Delawaren gailendu da.

Obamak botoen ia %60 eskuratuta irabazi du New Jerseyn, Sandy urakanak gogor astindutako estatuan. Swing States deiturikoak izan dira giltzarri; alegia, alderdi baten edo bestearen aldeko joera argirik ez dutenak. Florida eta Ohio daude multzo horretan, besteak beste; 29 ordezkari dagozkio Floridari, eta hemezortzi Ohiori. 538 eserleku zeuden jokoan gaurko hauteskundeetan, eta, beraz, 270 ordezkari erdietsi behar zituen gutxienez garaileak. Obamak gainditu egin du kopuru hori: Floridako eta Alaskako behin betiko datuen faltan, 26 estatutan irabazi du Obamak, eta 23tan Romneyk.

AEBetako hauteskunde sistema gehiengo sisteman oinarrituta dago, eta estatu batean boto gehien jasotzen duen hautagaiak estatu horri dagozkion ordezkari guztiak eskuratzen ditu.

Obamak Chicagon egin du irabazi ondorengo agerraldia, 10.000 pertsona ingururen aurrean. Eskerrak eman dizkie Joe Biden presidenteorde izateko Alderdi Demokratako hautagaiari, kanpainako lantaldeari eta Michelle Obamari, eta Mitt Romney eta Paul Ryan aurkariak ere zoriondu nahi izan ditu. Obamak esan du “inoiz baino gogo gehiagorekin” itzuliko dela Etxe Zurira, eta AEBekiko harrotasuna astindu du diskurtsoan: “AEB berezia egiten duena da elkarrekiko ardura bat onartzen dugula, patriotismoarekin”. Gainera, etorkizunari itxaropenez begiratzera deitu ditu herritarrak: “Inoiz ez naiz hain itxaropentsu izan, eta itxaropen hori babesteko eskatzen dizuet. Ez da itxaropen itsua, ez idealismoa”.

Romneyk, berriz, Obama zoriondu du, eta “arrakasta” desiratu dio AEBak “gidatzeko lanean”. Gainera, presidenteorde izateko Alderdi Errepublikanoko hautagai Paul Ryanen lana nabarmendu du, eta esan du “Amerikaren inguruko kezka” dutelako aurkeztu direla hauteskundeetara.

PBS telebista katearen inkesta baten arabera, azal zurikoen %39k eman diote botoa Obamari, eta %59k Romneyri. Bozkatzera joan diren arraza beltzekoen %93k Obamaren alde egin dute. Hispanoen artean %75ean kokatzen dute Obamaren alde bozkatu dutenen kopurua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s