10.000 PRESO KURDU GOSE GREBAN

Posted: 2012/11/06 in errepresioa, MUNDUA

10.000 preso kurdu batu dira gose grebara Turkiako espetxeetan

 

 

10.000tik gora preso kurduk bat egin dute gose grebarekin

 

Turkiako 76 kartzelatan greban zeuden 688 presoen eskaerekin eta protestarekin bat egin dute milaka presok

Turkiako lehen ministrordeak gose greba uzteko «gonbita» egin die denei

 

Faysal Sariyildizek hasi zuen gose greba, Mardingo (Turkia hego-ekialdea) espetxean. Duela 56 egun. BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi Kurduko ordezkaria da Sariyildizek, eta gose greba hasteko arrazoien artean, besteak beste, hauek aletu zituen: kurduek hezkuntzan eta eguneroko bizimoduan kurdueraz aritzeko eskubidea bermatzea; Turkiak preso daukan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi Abdulah Ocallanen gaineko bakartze agindua kentzea (400dik gora egun daramatza abokatuekin elkartu ezinda); eta preso kurduei beren buruak epaileen aurrean kurdueraz defendatzeko bidea ematea.

Pixkanaka, gero eta preso gehiago gehitu zaizkio Sariyildizi. Atzo, 688 preso ziren jada greban, Turkiako 76 kartzelatan, Rudaw egunkariaren arabera. Iraken menpeko Kurdistanen du egoitza hedabide horrek, Kurdistango Eskualde Autonomoan, eta Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek hango kazetari baten galderari erantzun zion asteazkenean Berlinen, Angela Merkelekin batera emandako prentsaurrekoan: «Hori ez da greba bat, hori antzezlan bat da».

Atzotik, antzezlanak 10.000 jokalari gehiago ditu, Firat berri agentziaren arabera, «haur, zahar eta gaixo» ez diren PKK-ko eta PAJK Kurdistango Emakumeen Askapenerako Alderdiko presoek bat egin dutelako ekinbidearekin. Deniz Kayak idatziz jakinarazi du erabakia, presoen eledun gisan, eta espetxetik kanpoko elkartasun ekinbideak txalotu.

Ankararen hitzak

Turkiako Justizia Ministerioaren arabera, gose grebalariek aldiro hartzen dute azukrez, gatzez, eztiz eta bitaminez egindako nahastura bat, eta horri esker euren osasuna ez dago arriskuan. Ostiralean,ordea, hainbat espetxe bisitatu zituen Turkiako Legebiltzarreko batzorde batek, eta, batzordekideek salatu dutenez, espetxeetan ez zaie halakorik banatzen presoei.

Ostiralean bertan, EB Europako Batasunetik ere gose grebalari kurduen osasun egoerari buruzko kezka azaldu zuten. EBko Hedapen eta Auzo Politikarako mandatari Peter Stanok eta EBren eta Turkiaren arteko elkarrizketetarako arduradun Stefan Fulek idatzi zutenez, «gertutik eta arduratuta» ari dira jarraitzen gose greba.

Erdogan lehen ministroak larunbatean esan zuenez, grebalariak ez daude baraualdian hiltzeko prest. Prentsari egotzi zion tentsioa areagotzea. «Leun hasi ginen, bai, baina ez gara bildotsak». Presoen «xantaiaren» aurka, Gobernuak ez du amorerik emango, erantsi zuen.

Leunago aritu zen atzo Turkiako lehen ministrorde Bulent Arinç, Ankara «dagoeneko» kurdueraz ikasteko, bizitzeko eta auzitegietan erabiltzeko aukera «bideratzen» ari dela jakinaraztean. AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak hauteskundeetarako prestatu zuen programan aukera horiek jasota daudela gogorarazi zuen. Arinçen esanetan, Erdoganek berak Justizia ministroari egin beharrekoa egiteko agindu dio, auzipetuek beren defentsa hizkuntza aukeratzeko modua izan dezaten. Abdulah Ocallanen bakartze egoera, berriz, «garaiz» neurtu eta landu behar litzateke. «Gose greba amaitzeko gonbita egiten diet denei», amaitu zuen Arinçek.

Azken bi asteetan, berriz, gose grebalariei animoa emateko mezuak eta oihuak ugaritu dira Turkiako hainbat hiritako kaleetan. Ia egunero liskarrak egon dira presoen aldeko manifestarien eta polizien artean. Larunbatean, Diyarkavir hiriko kaleak hartu zituen Poliziak, BDP alderdiak deitutako manifestazio bat geldiarazteko. Negar gasak eta ur zorrotadak erabili zituzten manifestarien aurka. Azken horien artean zeuden hiriko alkatea eta BDPko bi buru nagusiak, besteak beste.

Igandean, Istanbulen egin zuten agerraldia BDPkoek. Han erenegar gasa eta ur zorrotadak erabili zituen Poliziak manifestarien aurka. Hiru pertsona atxilotu zituzten.

Aldeko mobilizazioak

Deniz Kayak igandean jakinarazi zuen presoen ekimenaren berri, eta igandean bertan bonba-auto batek eztanda egin zuen Hakkariko Semdinli barrutian. Turkiako hedabideek PPKri berehala egotzi zioten ekintza. Polizia etxe izandako eraikin baten ondoan zartarazi zuten autoa, Poliziaren ibilgailu blindatu bat pasatzen ari zela. 11 urteko haur bat hil eta hemezortzi lagun zaurituta gertatu ziren eztandaren ondorioz.

Atzo, grebalarien kolektiboa handitzeko eguna, Turkiako armadak Sirnaken PKK-ko bost gerrillari hil zituela jakinarazi zuen Anadolu berri agentziak. Gainera, armadaren zortzi F-16 hegazkinek PPKren ustezko babeslekuei eraso egin zieten Iraken menpeko lurraldeetan. Irakeko presidente Jalal Talabaniren alderdiaren berri agentziak baieztatu egin zituen erasook.

 

 

Herrirak pasa den astean zabaldutako oharra:

 

Herrira Mugimenduak bere kezka eta ezinegona adierazi nahi du Turkiako espetxeetan gose greban aurkitzen diren preso politiko kurduen egoera dela eta. Gatazka politikoaren ondorioz espetxean aurkitzen diren 1000 lagun inguru gose greban aurkitzen dira une honetan Turkiako espetxeetan.

63 presok irailaren 12an ekin zioten gose grebari, eta hauetako batzuk egoera larrian aurkitzen dira une honetan. Ondoren preso gehiago batzen joan dira protestaldira.

Besteak beste, Abdullah Öcalan preso eta buruzagi politikoa libre uztea aldarrikatzen dute, baita beraien hizkuntza erabiltzeko eskubidea ere.

Herrira mugimenduak gogora ekarri nahi du Turkiako espetxeetan preso kurduen aurka ematen den eskubide urraketa ankerra eta egunerokoa dela.

Zentzu honetan, munduan dauden preso politiko guztien giza eskubideen errespetua aldarrikatu nahi dugu Herriratik. Gatazka politikoak elkarrizketaren eta justiziaren bidez konpondu behar direla uste dugu, bai Euskal Herrian eta bai munduan. Eta benetako bake egoera batek preso politiko guztien kaleratzea berarekin ekarri behar duela pentsatzen dugu.

Amaitzeko gure elkartasuna adierazi nahi diegu gose greban daude preso politiko kurduei, eta besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu beraien senideei.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s