“ETXEKO BIDEA” HARTU DUTE

Posted: 2012/11/04 in Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Prozesuaren baitan «etxeko bidea» hartu dutela adierazi dute iheslariek

 

 

Azaroaren 10erako Herrirak antolatutako manifestazioaren harira, Iheslari Politikoen Kolektiboak agerraldia egin zuen atzo, Azkainen.

Mobilizazioarekin bat eginda, «presoak eta iheslariak dauden artean normaltasunik ez dela izango» nabarmendu zuten, prozesu politikoa aitzinarazteko beren inplikazioa agertuta.

p006_f01.jpg

Belaunaldi desberdinetako hirurogei bat iheslari politikok agerraldi publikoa egin zuten atzo, Azkainen, datorren larunbatean Baionan izango den manifestazioaren karietara.

Euskaraz irakurri zuten adierazpenean, «munduan barreiaturik eta egoera ezberdinetan bizi garen Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretan bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin» konpromiso irmoa erakutsi nahi izan zuten, lehenik eta behin.

Kolektiboaren aburuz, bi dira egungo erronkak: «Batetik, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena egitea eta, bestetik, gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzea».

Batean zein bestean, «gakoa herri protagonismoa» dela nabarmenduta, beren ekarpena egiteko «gogoarekin» datozela adierazi zuten; hau da, «euskal herritar gisa prozesu politikoan parte hartzeko eta erbestea behin betiko desager dadin bidea egiteko asmo sendoarekin».

Azkenaldian Euskal Herrian sortutako aukerak direla medio, etorkizunari, «baita etorkizun hurbilari ere», itxaropenez begiratzen diotela esan zuten.

 

Espainiaren «porrota»

Moncloako Estatutuarekin eta Nafarroako Foru Hobekuntzarekin «inposizioan eta asimilazioan oinarritutako Estatu espainoleko proiektu politikoak porrot» egin izana, ezker abertzaletik harago egiaztatu den ondorioa dela diote. Halaber, Ipar Euskal Herrian aitortza ezaren aitzinean, berezko erakundetzearen aldarriak lortutako «adostasun oso zabala» ere «herri gogoaren» islatzat jo zuten.

«Euskal askapen prozesua honaino ekarri izana, garaipen politiko» itzela dela uste du kolektiboak. Alta, bi estatuak «gatazka historikoari modu egokian eta demokratikoan aterabidea emateko» gauza ez direla azpimarratu dute, «beren proiektua inposatzeko errepresioa eta indarkeria sistematikoa» erabiltzen baitute. «Garai berriak izanagatik, zigor eta mendeku makineria bere horretan mantentzen dute», gaineratu zuten.

Errepresioa gorabehera, «azken boladan eta eremu ezberdinetan giharra» badagoela ikusten dute eta «prozesuari independentziarantz irismen estrategikoa emateko indar metaketa» gauzatzen ari dela egiaztatu dute.

Adibiderako, berrikitan Gasteizko Legebiltzarrerako izandako bozak aipatu zituzten. «Ezker abertzalearen lanari esker» ilegalizazioaren zikloari amaiera ematea lortu dela diote, nahiz eta hauteskunde horiek ez diren egoera erabat «normalizatuan» gauzatu. «Hala balitz, gu ez ginateke gaur hemen izango», erantsi zuten.

Puntu horretan, argi utzi zuten «euskal errepresaliatuen egoera aldatzearekin» pertsona batzuen «egoera bidegabeari erantzuteaz gainera, prozesu demokratiko osoaren behar bezalako garapenari ere mesede egingo» zaiola.

Horregatik uste dute, hain zuzen ere, «bakearen kontrako indarrek gogor atxikitzen» dutela ziegetako giltza, «bake justu eta demokratiko baten beldur direlako». «Gatazkaren ondorioei aterabidea oztopatuz», ezker abertzaleak abiarazitako apustu politikoa «hortxe ito» nahi dutelakoan daude.

Alta, iheslariek argi utzi zuten ez dutela «inongo blokeorik ontzat emango. Ez gara horretara ohituko. Gure egoera ez ezik, gure herriaren geroa ere baitago jokoan».

«Zapalketak sortutako gatazkaren ondorio» diren heinean, jakin badakite, «gatazkari konponbide justua emateak bermatuko duela haren ondorioak gainditzea».

Urrats ausartagoak

«Halere -nabarmendu zuten- horrek ez du esan nahi konponbide oso-osoa iritsi bitartean ekimenik egingo ez dugunik». Norabide horretan, «blokeoa ez egonkortzeko eta sortutako baldintzak askatzeko», lanean murgiltzeko beharra -«baita iheslariok ere»- azpimarratu zuten.

Hala, prozesu demokratikoaren baitan eta «gatazkaren ondorioak gainditze aldera, urrats are ausartagoak egiteko prest» daudela iragarri zuten, izan estatuekin adostuta «Aieteko Adierazpeneko bigarren puntuan nazioarteko pertsona ospetsuek zehaztu moduan, edo aldebakartasunetik». Jabetuta daude, betiere, «herriaren hauspoak eramango» dituela sorterrira.

Adierazpena burutzeko, errefuxiatuek «etxeko bidea hartua» dutela esan zuten, beren kolektiboaren barnean «errealitate arras ezberdinak» dauden arren.

Beren lehentasun behinena «urrun daudenak edo babesa behar dutenak» izango direla ziurtatu zuten: «Duintasunez bizitzea dugu gutxieneko oinarria denontzat, iheslari garen bitartean eta baita iheslari izateari utziko diogunean ere».

Euskal Herriko gainerako herritarrekin batera, «bizitzera, aske izatera eta irabaztera» doazela irmoki iragarriz amaitu zuten beren adierazpena.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s