“INDAR POLITIKO GUZTIEN ARDURA”

Posted: 2012/11/01 in HAUTESKUNDEAK

Urkulluk dio oraindik zabalik daudela gobernua osatzeko aukera guztiak

Lehen bilera saila amaituta, alderdien erantzunaren zain dago EAJ; datorren astean espero du mintzaideen iritzia

Akordioetarako «oinarri sendo nahikoak» badaudela iruditzen zaio lehendakarigaiari

 

 

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten indar politiko guztietako ordezkariekin egindako bilera saila eguerdian amaitu, eta bazkalondoren egin du batzarrek eman dutenari buruzko balorazioa Iñigo Urkulluk, EAJko lehendakarigaiak. Baikortasunez mintzatu da, EAJren egoitza nagusian.

Ohi baino irribarre handiagoa erakusten duela sartu da, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPDren ordezkaritzak hartu dituen Sabin Etxeko prentsa aretoan. Oraingoz ez duela Eusko Jaurlaritzarako gobernu formularik adierazi du; ez duela aukerarik baztertzen, eta lehenesten dituen aukeren berririk ez duela emango. Edozein modutan, aurrera begira akordioak erdiesteko «oinarri sendo nahikoak» ikusi dituela esan du. Eta, hain zuzen, «herriaren beharrei» erantzuteko «akordio zabalak» egitea da EAJren lehentasun nagusia, ezustekorik ezean hurrengo Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izango denaren hitzetan.

Herri agenda eta jarrera ona

Mintzaide izan dituen alderdi guztietako ordezkarien «jarrera» espresuki eskertu du Urkulluk, ezer baino lehen: «Elkarrizketaren aldeko giro eraikitzailea». Gainera, EAJk aurrera egiteko beharrezkotzat jotzen duen «herri agendaren» inguruan «Euskadirentzat oso garrantzitsuak» izango diren akordio handiak lortu ahalko diren ustea eragin diote lehen hartu-emanek. Krisi ekonomikoa gainditzea, bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera egitea eta autogobernuan sakontzea dira, jeltzaleen ustez, «herri agenda» hori osatzen duten gai nagusiak. Urkulluren ustez, horren inguruan adostasun handiak erdiestea da garrantzitsuena, eta lortu lor daiteke.

Hala ere, Jaurlaritza ere osatu beharra dago, eta hori lehenbailehen egitea komeni da, Urkulluren ustez. Haren hitzetan, «egonkortasuna, lidergoa eta konfiantza» izango dituen gobernu sendoa osatzea eskatzen du egoerak. Eta, EAJk proposatutako gai nagusiekiko atxikimendua erakusteaz gain, programa sendoa ere izan behar luke Jaurlaritzak.

Alderdien arteko lehen hartu-emana izan diren bileretan gai horiei buruzko proposamen orokorrak azaldu dizkie EAJk gainontzeko alderdiei, eta atzo bertan helarazi zien guztiei proposamena osorik. Hedabideei ere, arratsaldean eman zien proposamen zehatzak biltzen dituen zortzi orriko txostena.

 

Erantzunen zain

Idazkia datozen egunetan aztertu ondoren, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk zein UPDk datorren astean emango diete erantzunen bat jeltzaleei. Erantzun horiek baldintzatuko dute hemendik aurrerakoa; zein indar politikorekin jarraituko duten elkarrizketan eta zeinekin ez, eta zein helbururekin bilduko diren. Izan ere, Urkulluk azaldu duenez, litekeena da mintzaide batzuek adostasun orokorrei buruz mintzatzen jarraitu nahi izatea eta beste batzuek gobernu akordioren bat landu nahi izatea. Litekeena da, halaber, beste batzuek bilera saio gehiagorako beharrik ez sentitzea. Areago, zenbait alderdik orain artekoagatik akordioak egiteko izan ditzaketen «mugen» jakitun dela esan du EAJko buruak.

Hortaz, Urkulluk azaldu du alderdien erantzunak jaso arte ez duela akordioei buruz mintzatzeko asmorik, eta beraz aukera guztiak zabalik dauzkala, bakar bat ere baztertu gabe.

Baikor dagoela errepikatu du; legealdian gairik garrantzitsuenetan akordioak lortzea espero duela, «lehenago edo geroago». Hain zuzen, gizarteari «esperantza» hori helarazi nahi diola esan du; «posible izango den» ustea.

Guztien ardura

Hurrengo Jaurlaritzan eta legealdian gertatuko dena guztien ardura dela ere ohartarazi du Urkulluk. Jaurlaritzak egonkortasuna izatea «indar politiko guztien ardura» dela. Baita gainontzeko instituzioek hartuko duten norabidea ere. Erakunde guztietan «egonkortasuna» izatearen garrantzia nabarmendu, eta horretan ere akordio orokorra egitea proposatu du, aldundien zein udalen aurrekonturik oztopatu ez dadin.

Horrez gain, esan du «ona» litzatekeela instituzioen arteko koordinazioa krisiari aurre egiteko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s