ELIKADURA BURUJABETZEAREN BORROKA

Posted: 2012/10/28 in EKONOMIA

Elikadura burujabetzaren aldeko «borroka» abiatu dute

 

Ehunka lagunek aldarrikatu dute Bilbon jan-edana ez dela merkantzia, eskubidea baizik, Etxaldek deitutako manifestazioan

Diru laguntzak ematean, «landa eremua diskriminatu» egin dutela salatu dute

 

 

 

«Historikoa» izan zen: lehenengo aldiz, sindikatuak, talde ekologistak, eragile sozialak, kontsumo taldeak eta herritarrak baserritarren eta arrantzaleen alboan ibili ziren Bilbon, elikadura burujabetzaren alde. Jan-edana eskubidea dela aldarrikatzeaz gain, elikagaien lurretik platererako bidea justizia sozialean oinarri dadin eskatu zuten, Etxaldek deitutako manifestazioan. Hango kide Patxi Gaztelumendirentzat, mugarria izan zen: «Borroka bat abiatu dugu gaur. Elikadura burujabetza edukiz jantziko dugu».

Martxaren kokapena ez zen kasualitatea izan: «Euskal Herrian populazio handiena duen hiria» hautatu zuten. Elikadura herritarron eskubidea lelopean, ehunka lagunek ibili zuten Kale Nagusia. Eta bi ereduen arteko kontrastea adierazi zuen argazkiak: larunbat goizeko erosketetan murgildutako hiriaren erritmoa hautsi zuten traktore hotsek eta artzain txakurrek gidatutako ardiek.


Euriak ez zituen manifestariak uxatu, ezta haien ibilera arindu ere, eta ordubete luze behar izan zuten Jesusen Bihotzatik Arriaga Plazara heltzeko. Han, Euskal Herri osoko baserritarrak mintzatu ziren, tartean Maite Aristegi; Espainiako Kongresuko Amaiurreko diputatua bertsotan jardun zen:

«Eguneroko ogiaz /

mintzo da aita gurea /

izan ere jan-edana /

da lehenengo eskubidea /

ta denontzat egon arren /

milioika gosez hiltzea /

nola onar dezakegu /

hain mundu bidegabea».

«Egungo elikadura sistema ez da bere helburu nagusia betetzeko gai: mundu osoan sei pertsonatik bat gose da; horietako lautik hiru nekazariak dira, eta gehienak emakumeak», erantsi zuen Panpi Sainte Marie Landibarreko (Nafarroa Beherea) baserritarrak. Ozaetako (Araba) Arantza Arrienek berretsi zuen pertsona guztiek dutela elikadura osasuntsua edukitzeko eskubidea: «Osasunak ezin du eros dezaketenen pribilegioa izan». Baina nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren industrializazioak guztiz kontrakoa ekarri du: «Europako nekazaritza politikaren ondoriozko osasun arazoen kostua nekazaritza politikarena berarena baino handiagoa da».

Ez zen nazioarteko politikei egindako aurpegiratze bakarra izan. Laguntzak ematerakoan «landa eremua diskriminatu», eta esportazioen prezioak «artifizialki igo» izan dituztela salatu zuten. Sainte Mariek eman zuen datua: «Frantziako Estatuan 160 enpresek 123 milioi euro jasotzen dituzte, 100.000 baserritarrek jasotzen duten berdina». Jardun hori sektorea suntsitzen ari dela gogoratu zuen: «Iraultza handiaren beharra dago, ideietan, erabakietan, praktiketan. Bizimodu honi, lanbide honi beste esperantza bat eman behar zaio».

Eta badago hazi gaztea. «Ekoizteko eskubidea ere badakar elikadura burujabetzak. Gazte asko dago honetan lan egin nahian; lurra eskatzen ari dira», esan zuen Arrienek. Horren seinale, egunotan Gernikan egiten ari diren topaketetan batutako 130 gazteak.

Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaietako %5 baino ez da bertan ekoizten. Datu hori ahalbidetzen duen eredua «bortitza» dela azaldu zuen ELAko Ainara Plazaolak ere: «Nekazaritza tradizionala desagertzen ari da; horrek dakar jakiak kanpotik ekartzea, nondik datozen edo transgenikorik daukaten jakin gabe». Baserritarren zein arrantzaleen bizi-baldintzez jardun zen LABeko Urtzi Ostolozaga: «Laguntzak multinazionalei eman zaizkie, eta sektorea gutxituz joan da. Ez da baserri eta arrantzaren aldeko apusturik egon; haiek bultzatu behar izan dute sektorea».

«Elikadura ezin da izan espekulatzeko merkantzia», gehitu zuen Asier Vega Alternatibako kide eta Bilduko Bizkaiko batzarkideak. Burujabetzaren bidean konpromisoak hartzera deitu zituen instituzioak: «Legeak moldatzea ezinbestekoa da, adibidez, eskualdeetan transformazio guneak sortzeko oztopoak gutxitzeko».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s