AHTren AURKA

Posted: 2012/10/28 in AHT

Milaka lagun atera dira berriz ere Baionako kaleetara, AHTaren aurka

 

CADEk azpimarratu du txosten eta ikerketa independente guztiek zalantzan ezartzen dutela AHTaren xedea

Protesta ekintza «handia eta bateratua» lorturik, pozik agertu dira antolatzaileak

 

 

Eguraldi euritsuari aurre eginez, milaka herritar ziren Baionara bertaratu atzo, berriro ere AHT bide berriaren aurkako mezua entzunarazteko. 10.000 lagun kontatu zituzten antolatzaileek, 2.500 haatik Poliziak. Dozenaka hautetsi —tartean EAJko Jean Telletxea—, 105 traktore, ehunka herritar eta hainbat eragile sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalek bat egin zuten CADE ingurumenaren aldeko taldeak deitu manifestazioarekin.

Berriro ere protesta «handia eta bateratua» lortu zutela zioen Victor Pachon CADEren ordezkariak, bukaerako hitz hartzean: «Guztion artean, sekulako indarra gara, parekoek ere inoiz imajinatu ez duten indarra gara!». Buruturiko txosten eta ikerketa guztiek bide berriaren aurkakoen argumentuak baieztatzen dituztela azpimarratu zuen Alain Iriart kontseilari nagusiak. Hots, egitasmo berriak abiatu beharrean, gaur egungo bideak hobetu behar direla. Bertzeak bertze, zenbait ministroren adierazpenak eta Frantziako Kontu Auzitegiaren oharra zituen gogoan.

Uztailean, Jerome Cahuzac Frantziako Aurrekontu ministroak erran zuen AHT bide berri guztiak aztertuko zituztela, haien egokitasun eta beharra argitzeko. Frantziako Kontu Auzitegiaren oharrean oinarritu zen horretarako. Azken horrek azaldu zuen desoreka handia zegoela xedeak iragartzen zituen helburuen eta horretarako beharko liratekeen baliabideen inguruan. Gisa berean, azpimarratu zuen ez zirela orekatuak RFFren eta estatuaren kontuak, eta ustezko galera bati buruzko argitasuna eskatu zien biei. Hori dela eta, xedearen gibeleratzea ez baina egitasmoa «behin betiko gelditzea» eskatu zion CADEk atzo Frantziako Gobernuari. Helburu hori lortu arte «determinaturik» segituko dutela argi utzi zuen Pachonek. «Damoclesen ezpatarik ez dugu nahi buru gainean, behin betiko baztertu behar dute proiektua», zioen Odile de Coral Urruñako auzapezak.

De Coralek Frantziako Gobernuari eskaturiko hitzordua zeukan gogoan. Hain zuzen, Errobi, Hego Lapurdi eta Aturri Errobi herri elkargoek bilera bat egitea galdetu zioten agorrilean, lehentasunak finkatzeko euskal herritarren mezua kontuan har dezala eskatzeko. Erantzunik jaso ez izana deitoratu zuen auzapezak.

Euskal Herritik haratagokoak

Euskal Herri kanpotik etorritakoak ere bertaratu ziren, aitzineko manifestazioetan baino kopuru handiagoan.

Landetakoak, Biarnokoak, Lot-et-Garonnekoak eta Tarn-et-Garonnekoak ere bertaraturik ziren, eta guztiei esker ona adierazi zien Pachonek.

Soa lau haizetara jarri zuen CADEko ordezkariak, bukaerako hitz hartzean: «Marokon, Italian, Erresuma Batuan, Alemanian […], egitasmo handi suntsitzaileen aurkakoak zutik daude; hori dugu mende honetako egoera!». Bretainiako Notre Dames des Landes guneko aireportu xedearen aurkakoei ere elkartasuna adierazi zieten: «Aurkakoak gunetik kanporatu dituzte… kanporatu horien herra gurea ere bada».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s