“TXIMELETAK ETENGABEKO METAMORFOSIA”

Posted: 2012/10/27 in Gazte borroka

Autokritika gaitasuna da giltza

 

‘Tximeletak, etengabeko metamorfosia’ dokumentalean, Euskal Herriko azken hiru hamarraldietako gazte mugimenduetako partaideen bizipen eta sentimenduak kontatzen dira.

Nola izango dute etorkizuneko gazteek Euskal Herrian egon den gazte mugimenduaren berri? Galdera hori buruan ekin zioten Tximeletak, etengabeko metamorfosia dokumentala egiteari. Egileen arabera, egungo egoerara heltzeko azken hiru hamarraldietan gazte mugimenduan funtsezkoak izan diren gertaerak bildu ditu lanak, horien protagonisten ahotik kontatuta.

Proiektuaren helburua azken hiru hamarraldietan gazteen mugimenduan «lanean buru-belarri» aritu diren pertsonen bizipenak kontatzea izan da, eta aurrera begirako ikuspegi bat ematea. Horretarako, zenbait protagonista elkarrizketatu dituzte, hainbat esparru kontuan hartuta; batzuetan, politika arloko pertsonak izan dira; beste zenbaitetan, berriz, gaztetxeen borrokan lanean aritu direnak, komunikazioaren alorrean aritu direnak edota intsumisioaren aldeko dinamiketan parte hartu dutenak, besteak beste. Horrez gain, belaunaldi guztiak ere jorratu nahi izan dituzte.

Pertsona horiek garai haietan izandako bizipen eta sentipenak azaldu dituzte euren ikuspuntutik, elkarrizketa bitartez, eta, horrez gain, irudi artxibo zabal bat ere bildu dute dokumentalean, egoera eta une bakoitza irudi bidez azaltzeko.

«Garrantzia eman diogu gure ustez, gaur egungo ikuspegitik ikusita, gaur egun garena izatera heltzeko mugarri izan diren dinamikei. Estrategian izan diren aldaketetara eta aldaketa politiko eta sozialetara egokitzeko gaitasunak garrantzia izan dute dokumentalean», adierazi du Aitor Martinez dokumentalaren egileetako batek. Ezinezkoa egin zaie euskarri horretan dena biltzea, eta, horren ondorioz, zenbaitetan hautatu egin behar izan dute: «Garai haietan gertatutakoa kontatzeko, gure ustez pertsona esanguratsuenak zirenak hartu ditugu hizlari moduan, haien bizipenak kontatzeko».

Era berean, dokumentala egiteko ideia «gaur egun dugun zurrunbilo politikotik» sortu zela diote, baita komunikazioaren arloan sortzen ari diren beharrei erantzuteko asmoz ere. Topatu.info gazte proiektu komunikatiboak egungo egoerara egokitzeko beharra ikusi zuen, eta, horri erantzuteko, «informazioa eta iritzia maila berean» jarriko zituen proiektu bat sortu zuen. Beraz, bi helburu argi zituen proiektuak: gazteen borroka islatzea, batetik —hau da, memoria historikoa lantzea—, eta Topaturi berari esparru berri bat zabaltzea, bestetik.

Liburuak eta dokumental sektorialak ere orain arte bazeudela nabarmendu du Martinezek, baina ohartu ziren irudi artxiborik ez zegoela, eta, beraz, ikertzeari ekin zioten. Orduan ikusi zuten «historia bat badagoela kontatzeko», eta, gainera, irudi asko daudela hori egin ahal izateko.

«Ikusi genuen Euskal Herriko egoera politikoa azken bi urteetan asko aldatu dela», azaldu du Aitor Martinezek. Eta aldaketa horren barnean, ikusi zuten iragan ekainean «gazteen borrokako subjektu batek» agurra irudikatu zuela, eta ez zegoela euskarririk «azken hiru hamarkadetako gazteen borroka islatzeko».

Bide hori «proiektu xume» batekin hasi zuten arren, ikerketa lanak egin zituztenean jabetu ziren hasiera haietan zehaztuta zuten dokumental horrek uste baino esparru zabalagoa izan zezakeela. «Beraz, esan genezake guk uste baino zabalagoa izango dela azkenean dokumentala, eta, aldi berean, zabaltasun horrek mugarri horietan hainbeste sakontzeko aukerarik ez izatea eragin duela».

«Harrera itzela»

Egileek diote ikerketa lanetan aritu zirenean ohartu zirela Euskal Herriko gazteek zer-nolako gaitasuna izan duten beti autokritika egiteko eta egoera berrietara egokitzeko. Hori dela eta, otu zitzaien dokumentalari Tximeletak, etengabeko metamorfosia izena jartzea. «Konturatu ginen hausnartzeko eta aurretik egindakoari kritika egiteko gaitasuna badagoela, eta inguruak horrela eskatuta egokitzeko gaitasuna ere garatu duela. Eta horrek tximeleta baten metamorfosi prozesua ekarri zigun gogora». Autokritika horiek guztiek egungo errealitatea sortu dutelako eta hori hainbat pausoren ondorioa delako.

Orain arte, Interneten zabaldu dute egindako lana (Tximeletak.info), eta espero baino harrera hobea izan duela diote: «Webgunearen helburua da beste hamarraldi batzuetan protagonista izan direnek gaur egun Euskal Herriko gazteen gertaeren inguruan duten iritzia zabaltzea, baita prozedura bera azaltzea ere». Bi atal ditu webguneak, Egunerokoa eta Zu zeu; lehenengoan, egileek egindako elkarrizketen zatiak daude, eta, bigarrenean, dokumentala ezagutu ahal izateko Euskal Herriko hainbat txokotako irudi eta gogoetak. Horren harira, egileek azaldu dute oso gustura daudela, herritarrek bideo eta irudi asko helarazi dizkietelako, jarrera aktiboa azalduta.

 


Durangoko azokarako kaleratu nahi dute dokumentala.

Gerora, herriz herri proiektatu nahi dute.

Euskaraz izango da osorik, eta azpidatziak izango ditu ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez.

Ondoren, Txalapartaren katalogoan gehitzeko asmoa dute, eta, proiekzioak amaitu ostean, dokumentala eta horren inguruko txosten bat webgunean jarriko dituzte nahi duen orok proiektua deskargatu ahal izateko.

«Espero genuen baino dokumental hobea egitea lortu dugu, eta Tximeletak, historiak kontatzen duen moduan, gazteen mugimenduarena da».

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s