AGUR ETA OHORE!

Posted: 2012/10/25 in ezker abertzalea

«Iraultzaile nekaezina»

 

 

Ezker abertzaleko buruzagi historiko Txomin Ziluaga hil zen atzo; duela hiru egun lurrera erori zen, eta ospitalean hil zen.

 

Ziluaga 1939an jaio zen, Erandion (Bizkaia). Frankismo garaian, 1969an, atxilotu egin zuten, eta zazpi urte egin zituen kartzelan. 1976. urtean askatu zuten, amnistiarekin. HASIko idazkari nagusia izan zen, baita Herri Batasunaren sortzaile eta mahai nazionaleko kide ere. Zientzia Politikoko irakaslea izan zen UNEDen. 1978an izendatu zuten HASIko idazkari nagusi, eta 1988an, alderditik bereizi zen beste militante batzuekin, baina Herri Batasuneko militante izaten jarraitu zuen.

1986an, Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten, eta lehenago legebiltzarkide ere aukeratu zuten, baina bietan ez zuen bere lekua bete. Ezker abertzaleko belaunaldi historiko bateko partaide izan zen, besteak beste Iñigo Iruin, Telesforo Monzon, Jon Idigoras, Iñaki Esnaola eta Tasio Erkiziarekin lan eginez. Denen artean, ordea, Santi Brouard HASIko lehendakari izandakoa izan zuen gertukoena. «Nire bigarren aita izan zen», aitortu zuen Ziluagak.

Hainbat urtetan ezker abertzalearen militantzia aktibotik aldenduta egon ondoren, parte hartze publikora itzuli zen 1990eko hamarkadaren bukaeran. Azkenaldian, ezker abertzalean, jendaurreko zenbait agerraldi egin zituen, besteak beste 2010eko urrian HBko kide historikoek indarkeria errefusatuko zuen antolakunde bat osatzea eskatu zutenean, edota 2011ko otsailean ezker abertzaleak Sortu alderdia aurkeztu zuenean.

Ziluagaren heriotzaren berri jakin bezain laster iritsi ziren lehen erreakzioak. HASIren lehen zuzendaritzan haren kide izandako Patxi Zabaletak nabarmendu zuen pertsona «oso maitagarria, hurbilekoa eta prestatua» zela. Politikoki, berriz, Ziluagak «ezkerreko ideiak oso tinko sarturik» zeuzkala esan zuen Aralarrekoak, eta «abertzaletasuna ezkerretik ikusten zuen pertsona bat» zela: «Ziluagak HBren sorreran egin zuen ekarpena oso garrantzitsua izan zen».

 

Francisco Letamendia Ortzi, Ziluagarekin batera, HBko kide izan zen koalizioaren lehen urteetan, eta nabarmendu zuen Ziluaga «giltzarri» izan zela HASIn eta KASen barnean.

«Urte ugari ibili gara elkarrekin, hitzaldietan, bileretan, eta urte askoko militantziak bizi izan ditugu elkarrekin», zioen Tasio Erkiziak. Ziluagak «ekarpen interesgarria» egin zuela eta «pertsona klabea» izan dela adierazi zuen Erkiziak: «Inoiz ez da izan politikari profesionala, baizik eta militante sutsua».

Ohar baten bidez, ezker abertzaleak Txomin Ziluagaren «ekarpen humano, politiko eta militantea nabarmendu eta eskertu» zituen atzo. «Bere herriarekiko eta herritarrekiko konpromiso iraultzailea izan da Txomin Ziluagaren bizitzaren ardatza», azaldu zuen ezker abertzaleak, eta gaineratu «Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokaren lehen lerroan» izan dela Ziluaga.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s