IRITSI DA EGUNA

Posted: 2012/10/21 in HAUTESKUNDEAK

Garai berri baterako bozak

Eusko Legebiltzarraren osaera erabakiko dute gaur 1.775.336 herritarrek, eta herri borondatearen isla izango da ganbera berria

Goizean goiz eta Bizkaian emango dute bere botoa lehendakarigai ia guztiek

Iritsi da eguna.

Gaur dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuak nola banatuko diren erabakitzeko aukera. Datozen lau urteotan Ajuria Eneko maizterra nor izango den ere gaur gauean bertan argituko da ziurrenera. Botoetan eta eserlekuetan nor irtengo den garaile, hor egongo da gakoa hurrengo gobernua osatzeko. EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estutik irabazle irteten denak izango du, itxura batean, Jaurlaritza berria eratzeko giltza.

Hauteskunde aritmetika hutsetatik harago, ordea, bestelako garrantzia dute gaurko hauteskundeek. Legebiltzarraren osaera eta gobernuaren kolorea baino askoz gehiago baitago jokoan gaurko bozetan. Izan ere, ororen gainetik, garai berri baten isla dira. Atzo urtebete bete zen ETAk armak utzi zituenetik, eta, orduz geroztik, irekita geratu da Euskal Herrian konponbide eta bake iraunkorraren oinarriak jartzeko aukera. Legez kanporatzeen politika ere gaindituta dago 2011ko udal eta foru hauteskundeetatik, aro berri batean gauden seinale. Bi elementu horiek, beraz, berebiziko pisua izango dute gaur botoa emateko garaian. Izan ere, lehen aldiz bi egoerak aldi berean emango dira: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ETAren indarkeriarik gabe egingo dira, eta aspaldiko partez, joera politiko guztien parte hartzea bermatuta, herri borondatearen benetako ispilua izango da osatuko den ganbera berria.

2009az geroztik egon den sozialisten gobernu birtualari amaiera emango diote gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek beren botoekin. Azken bi asteotako hauteskunde inkesten datuei erreparatuta, alderdi abertzaleek —EAJ eta EH Bildu— gehiengo zabala lortuko dute gaur gauean. PP eta PSE-EEren beherakada inkestek aurreikusitakoaren adinakoa ote den ere argituko da gaur. Alderdi txikienekin zer geratuko den ere ikusteke dago: EB-Berdeak, Ezker Anitza, UPD eta Equo alderdiek erronka handia dute gaurko bozetan, bosgarren espazioa nork beteko duen jokoan dutelako. Gaur iluntzean, bozkalekuak ixten diren unean bertan, argituko da hori dena.

 

 

09:00etatik 20:00etara

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.775.336 herritarren esku dago Eusko Legebiltzarraren osaera—2009ko bozetan baino 670 herritar gutxiagok emango dute botoa—. Hauteskunde errolda horretatik, 56.640 lagunek posta bidez eman dezakete euren botoa, EAEtik kanpo bizi dira eta. Boza emateko aukera goizetik izango dute herritarrek, 09:00etatik 20:00etara irekita izango baitituzte 760 bozkalekuak. Horietan 2.778 bozkatzeko mahai paratuko dituzte, 2009ko hauteskundeetan baino 43 mahai gehiago: Araban 106 mahai izango dira; Bizkaian, 343 eta Gipuzkoan, 311. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Administrazio Publikoetarako Sailak eman dituen datuen arabera, guztira 5.556 hautestontzi egongo dira gaur botoa emateko, eta botopaperak hartzeko 2.778 kabina ere paratuko dituzte bozkalekuetan. 22 milioi botopaper eta 1,5 milioi gutun-azal eskura egongo dira, gainera.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, hauteskunde egunean segurtasuna bermatzeko 5.000 ertzain inguru arituko dira lanean. 2005eko eta 2009ko hauteskundeetan izandako antzeko segurtasun neurriak prestatu dituzte gaurko. Ertzain horietatik 2.000 inguruk bozkalekuak zainduko dituzte, eta gainerakoak ohiko lanean arituko dira. Bozkalekuak zainduko dituzten agenteek bozkatzeko mahaien presidenteen aginduetara egongo dira, haien esku baitago propaganda debekatzea mahai inguruetan, bai eta bozkalekuetara sartzeko kontrola eramatea ere.

Duela hiru urte eta erdiko hauteskundeetan baino zazpi hautagaitza gehiagori eman ahal izango diote gaur botoa herritarrek. Guztira, 20 alderdi politiko aurkeztu dira hauteskundeetara: gehienak hiru lurralde historikoetan aurkeztu dituzte zerrendak. Araban 16 hautagaitza aurkeztu dira; Bizkaian. 17 eta Gipuzkoan, 13.

Hautagaitza nagusietako lehendakarigaiek Bizkaian dute botoa emateko lekua, eta euren botopapera sartzera goizean goiz joango direla iragarri dute gehienek. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, esaterako, bozkalekuak ireki bezain laster joango da botoa ematera Getxoko Algorta auzoko Julio Caro Baroja institutura, 09:00etan. Ordu berean, botoa ematera joango den lehenetarikoa izango da Antonio Basagoiti PPko hautagaia ere. Bilboko Cervantes eskolan sartuko du bere izena zerrendaburu duen botopapera.

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ordu laurden geroago emango du botoa Durangoko Intxaurrondo eskolan. Ondoren, 09:30ean egingo du Bizkaitik kanpo bozkatuko duen lehendakarigai bakarrak, UPDko Gorka Maneirok. Gipuzkoako hiriburuko Amara Berri ikastolan izango da.

Lehendakari karguan jarraitu nahi duen Patxi Lopez 10:00etan joango da Bilboko Miribilla auzoko Iruarteta eskolara, eta ordu berean izango da Ezker Batuko Raquel Modubar Portugaleteko Las Viñas eskoletan (Bizkaia).

Goizean izan arren, botoa ematera beranduen joango dena Ezker Anitza alderdiko lehendakarigaia da. Bilboko Jesuitas eskolan 11:30ean egongo dela iragarri du Mikel Aranak.

Azken egunean, familiarekin

Lehendakarigai gehienek, beraz, goizean goiz hasiko dute gauean ordu txikietan amaituko duten eguna. Hamabost egun iraun du kanpainak; egun luzeak hautagaientzat, eta gaur izango dute azken eguna, hilabeteetako lanaren emaitzak mahai gainean jartzekoa. Atzo, hala ere, arnasa pixka bat hartu zuten egun erabakigarrira indarrarekin iristeko. Hausnarketa eguna familiarekin zein lagunekin egoteko, paseoak emateko zein atzeratutako lanak egiteko baliatu zuten hautagaiek.

Goizean, Patxi Lopez emaztearekin ibili zen paseoan Bilbon, bien amei bisita egin, eta liburuak erostera joan zen ondoren. Lasai igaro zuen arratsaldea, etxean geratu edo zinemara joan erabaki ezinik.

Mendi buelta egiteko asmoa zuen Urkulluk, etxean familiarekin egon eta postako mezu elektronikoei erantzuten hasi aurretik.

Mintegik pilatuak zituen etxeko lanak egin zituen goizean, eta lagunekin zerbait hartzera joan zen eguerdian. Arratsaldean, «pilatutako liburu mendiari» eutsi, eta «irakurketa falta asetzeko» asmoa zuen.

Basagoitik goiza emaztearekin eta alabekin eman zuen, eta familiarekin eta lagunekin bazkaldu zuen ondoren. Motorrean ibiltzera joan zen gero.

Futbol partida bat jokatu zuen goizean Aranak, eta Modubarrek, berriz, «nekatu arte» egin zuen lo.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s