GAUR, GREBA OROKORRA!

Posted: 2012/09/26 in GREBA OROKORRA

 

Murrizketen kontra mobilizatu dira herritarrak hiriburuetako kaleetan

 

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte deialdiak eguerdirako, eta arratsaldean eskualdekako protestak izango dira. 

Sindikatuek greben eraginkortasuna defendatu dute.

ELAren arabera 105.000 lagun manifestatu dira eguerdian: Donostian 30.000, Bilbon 30.000, Gasteizen 25.000 eta Iruñean 20.000. 

Iruñean istilu handiak sortu dira, Poliziak manifestazio amaieran ekitaldian zeudenen aurka kargatu egin baitu; hiru zauritu eragin ditu kargak.

Goiz osoan auzoz auzo protesta egin ondoren, eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu dira milaka langile murrizketen kontra; ELAren arabera, 105.000. Sindikatu deitzaileetako ordezkariak Bilboko protestan izan dira. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eskerrak eman dizkie grebarekin bat egin dutenei, eta murrizketei aurre egiteko modu bakarra mobiizazioa dela gainertu du. “Bake soziala nahi dute, gure eskubideen aurka gudan dauden bitartean; belauniko jarri nahi gaituzte”, salatu du. Ainhoa Etxaide LABekoak planto egiteko eskatu die politikariei.

Jendetza handia batu da goizeko manifestazio guztietan. Hainbat zutabe atera dira auzo desberdinetatik, eta ondoren manifestazio nagusia osatzeko bildu dira. Poliziak oso gertatutik zaindu ditu manifestazioan eta Iruñean protesta handiak sortu dira manifestazioaren amaieran, Poliziak kargatu egin baitu. Ke poteak eta pilotakadak bota dituzte manifestarien aurka, Sarasate pasealekuan. Arratsaldean eskualdekako protestak izango dira. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete sindikatuek.

“Greba orokorrek eta mobilizazioek ez dutela ezertarako balio pentsarazteko abilezia dauka sistemak, eta pertsona askok hori pentsatzen du”. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, ordea, grebari eraginkortasun handia ikusten dio: “Lorpen sozial guztiak borrokan lortu dira, mobilizatuz eta kalera ateraz”. Horregatik, orain gizartea mobilizatzen ez baldin bada “txikitu egingo gaituzte”, haren esanetan. Greba orokorrak tresna baliagarriak direla esan du, eta botere ekonomiko eta politikoak sortzen duen “beldurrari” aurre egiteko mobilizazioarekin erantzun behar zaiola aldarrikatu. Izan ere, “beldurra sortzen ez badute, ez dira ezer; eurentzat beharrezkoa da”.

Hori dela eta, beldurrak uxatzeko bidea “kolektiboki” egin behar delako, gaur kaleak hartzeko deia egin diote gizarteari ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta hainbat eragile sozialetako ordezkariek.

Herenegun egin zuten agerraldi bat sindikatuek, herritarrei dei egiteko. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “beharrezkoa da erantzuna antolatzea”. Gaurkoarekin, bosgarren greba deialdia izango da krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta ibilbide horretan mugimendu sozial eta sindikatuek egin duten lana nabarmendu du Etxaidek: “Une honetan inork gutxik defendatzen du politikan egindako murrizketek emaitzak izango dituela”. Horrez gain, gogorarazi du multzo sozial “handi” batek ere amore ez emateko jarrera erakutsi duela. Baina hor arazo bat sortzen da: “Gure politika sozialak alboan izango ditu politika eta erakundeak?”. Hori lortzea izango da, halaber, grebaren helburuetako bat.

 

 

Greba “oso zabala” izan da, batez ere Gipuzkoan, sindikatuen arabera

 

Industrian %56ko jarraipena izan dela azaldu dute sindikatu deitzaileek.

Alor publikoan, hezkuntzakoa da jarraipen handiena, %75ekoa. 

Grebaren jarraipenari buruzko lehen datuak ematen hasi dira sindikatu deitzaileak. Nabarmendu dute “oso zabala” izan dela jarraipena, batez ere Gipuzkoan. %70eko parte hartzea zenbatu dute Gipuzkoan; Bizkaian %48koa, eta Araban, %46koa. Enpresa handietan izandako parte hartzea goraipatu dute: Orkli, Irizar, Fagor Ederlan eta Ampo geratuta daudela nabarmendu dute, besteak beste. Industriakoa da, izan ere, alor pribatuan jarraipen handiena duen sektorea: %56ko parte hartzea du grebak hor, sindikatuen esanetan.

Garroietan gutxieneko zerbitzuetaz aparte, Euskotrenek eta Gasteizko eta Bilboko tranbiek ez dute zerbitzu gehiago eman, deitzaileen arabera. Bilboko Metroan “esanguratsua” izan da parte hartzea, eta Gasteizko autobusetan, %80koa. Eraikuntzan ere, Gipuzkoakoa da jarraipen handiena, “ia erabatekoa”.

Alor publikoan, hezkuntza da, oraingoan, ere, parte hartze handienekoa: lau langiletik hiru ez dira joan ikastetxera. Udal asko ere itxita daude. Osasun alorrean jarraipen gutxiago izan dela onartu dute sindikatuek, eta gutxieneko zerbitzu “gehiegizkoei” egotzi diete hori.

Lau lagun zauritu dituzte: bat Ertzaintzak, Bilbon, eta hiru Espainiako Poliziak, Iruñean

 

Poliziak Sarasate pasealekuko sindikatuen ekitaldiaren kontra kargatu du.

Miguel Buen Segurtasun sailburuordeak esan du ez dagoela garbi Bilboko zauritua Ertzaintzak eragin duen, nahiz eta lekukoek hori esan.

Lau lagun zauritu ditu Poliziak gaur goizean sindikatuek deitu dituzten mobiizazioetan. Gertakari larrienak Iruñean izan dira, non hiru lagun zauritu dituzte, bat belarrian pilotakada jota eta beste biak buruan. Buruan pilotakada jaso duenetako bat BERRIAko Iruñeko delegazioko kazetaria da; ez zen lanean ari.

“Sarasateko ekitaldian geunden, eta liburuzainen pankartaren ondoan nengoen ni. El Corte Ingles parean istiluak hasi dira. Poliziak kargatu egin du, eta gazte batzuk harriak eta botilak bota ondoren, Sarasaten barruraino sartu dira”. Pilotak buruaren atzealdean jo du eta bi puntu eman behar dizkiote kazetariari. “Gertutik bota didatela pilota esan didate; zortea izan dut”, gaineratu du.

Iruñeko beste zaurituetako bat ere buruan jo dute; 14 urteko gazte bat da, eta lekukoen arabera hori ere pilotakada batez zauritu dute. Europa Press albiste agentziak dio zaurituetako bat botila batekin jo dutela, Sarasate eta Nafarroako Parlamentuaren artean. Lau polizia zauritu dituztela ere zabaldu du agentzia horrek.

Bilbon, beste pilotakada bat, begian

Mutil bat erietxera eraman dute goizean Bilbon, ertzainek jaurtitako pilotakada batek begian jota. Herrizaingo Sailak BERRIAri baieztatu dio gaztea Basurtuko Ospitalera eraman dutela anbulantzian. Gertatu denari buruzko xehetasun gehiago ez dute eman, nolanahi ere. Miguel Buen Segurtasun sailburuordeak adierazi du oraindik ez dagoela argi gaztea pilotakada batek jo duela.

Azken greba orokorretan Ertzaintzaren parte hartzeak hainbat kexa eragin ditu, batez ere gehiegikeriak salatu dituztelako greben aldekoek. Martxoaren 29ko greban Xuban Nafarrate gaztea larri zauritu zen. Rodolfo Ares Barne sailburuak esan zuen ihes egiten ari zela zauritu zela.

Gaztearen aitak, ordea, Eusko Legebiltzarrean salatu zuen gomazko pilota batekin zauritu zutela ertzainek, gertutik botata. Salaketa jarri zuen Gasteizko instrukzio epaitegian, eta hori frogatzeko bideoak aurkeztu zituen, bat poliziaren gehiegikeria salatzeko, eta bestea semea nola jo zuten azaltzeko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s