BERANDUEGI?

Posted: 2012/09/25 in GREBA OROKORRA, iritzia

Beranduegi ote?

26an greba orokorrari hel diezaiogun gogotsu, eta aurrerantzean ere izango dugu non eta nola jarraitu, burujabetza osoa, politikoa eta ekonomikoa lortu arte

Badirudi gai garrantzizkoenetan beti berandu gabiltzala. Eta, hasiera batean ez zirudien arren, denbora pasa ahala baiezkoan nago. Hala eta guztiz ere, mingarriena ez da berandu gabiltzala, beranduegi izatea baizik. Hortik dator nire galdera: beranduegi ote?

Bada gai garrantzizko bat bihotza mintzen didana: Iosu Uribetxebarriarena. Hau nire bihotzean zintzilikaturik bizi da, Cresporen irudia begi-ninietan dudan bezala, onartu behar dudalako beranduegi izan dela beretzat, eta guretzat ere bai. Baina, zer izan da beranduegi? Zalantzarik gabe, gure jarrera, eta esplikatzera natorkizue.

Berandu adberbioaz honela dio hiztegiak: «ohi den, egoki den, behar den uneaz geroago»; hau da, beste zerbaitekin alderatuz, ohiturak izan edo epeak… denborarekin azken batean.

Denbora nork eta zein helbururekin jarri izanak zerikusi galanta duenez, berandu adberbio hori zenbait gaitan zalantzan jartzekoa da edota eztabaidatzeko modukoa behintzat. Esate baterako, helburuen alde etengabeko jardunean dabilenarentzat ez da inoiz berandu izango. Eta honi heltzen natzaio Euskal Herriaren subiranotasunaz eta Independentziaz hitz egiterakoan.

Belaunaldiz belaunaldi, borroka mota guztien bidez, helburu horri heldu diogu. Atzera-aurrerakadak gizaldietan zehar bizi izan ditu herri zahar honek eta, nahiz oraindik lortua ez duen bere burujabetzaren gauzatzea, ez dio helburuari utzi inoiz, etenik gabe unean uneko borroka eskuratuz jarraitu baitu bizirik. Beraz, gure Burujabetza lortu eta Estatu propioa izateko ez da beranduegi, ez horixe!

Europako Herri zaharrena edo zaharrenetakoa garela badakigu. Hala eta guztiz ere, herri askea ez garenez, XXI. gizaldi hasieran munduko kontinente zaharkitu honetako agintari kaskarrenek, espainolek alegia, txirotasunean murgiltzen gaituzte xoxa falta dutelako, eskuz beteka gurea xahutu ondoren. Gainera, bizi nahi badugu, aurrerantzean gehiago eman beharko diegula adierazi digute, Europar Batasunean bizi ahal izateko abiadura mantsoegi daramagula eta. Alegia, berandu gabiltzala eta gerrikoa estutzeko, zulorik badu oraindik!

Eta beranduegi al da hondamendira garamatzatenei harresia ezartzeko? Ez!

Inoiz baino arrazoi gehiago dugu euskal herritar gehienok jasaten ari garen diru lapurretari aurre egiteko, jakinik, gainera, hau hurbiltzen ari zaigun zaparradaren hasiera besterik ez dela; pertsona legez duintasuna galtzeko tamainakoa omen, datorkiguna, ekonomiaz adituak direnen arabera.

Beraz, 26an greba orokorrari heldu diezaiogun gogotsu, eta aurrerantzean ere izango dugu non eta nola jarraitu, burujabetza osoa, politikoa eta ekonomikoa lortu arte.

Baina ezin gara inoiz aske izan gu guztion herriarengatik borrokatu direnek giltzapeturik jarraitzen duten bitartean. Are gehiago diot: berandu gabiltza dagoeneko barruan horrenbeste urte daramatenak atera gabe.

Eta berandu, oso berandu gainera, gaixo dauden hamahiru euskal herritar presoen alde gehiagok egiten ez badugu zerbait, eta betikook zerbait gehiago. Egoismo hutsez bada ere, «beranduegi izan da!» berriz esan beharrik izan ez dezagun.

Izan ere, abertzale eta ezkertiar, herritar, pertsona gisa begiratuta, «beranduegi»-k porrota besterik ez du adierazten. Arduraz jokatzen badugu, ordea, adberbio hori betiko desagerraraziko dugu gure hiztegi politikotik.

Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s