BELDURRA UXATZEKO GREBA OROKORRA!

Posted: 2012/09/25 in GREBA OROKORRA

“Lorpen sozialei” eusteko eta “beldurra” uxatzeko greba

Sindikatuek greben eraginkortasuna defendatu dute, eta bihar kalera ateratzera deitu dituzte herritarrak, arlo politikoan “presioa” egiteko.

Protestak egingo dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu garraioan. 

“Greba orokorrek eta mobilizazioek ez dutela ezertarako balio pentsarazteko abilezia dauka sistemak, eta pertsona askok hori pentsatzen du”. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, ordea, grebari eraginkortasun handia ikusten dio: “Lorpen sozial guztiak borrokan lortu dira, mobilizatuz eta kalera ateraz”. Horregatik, orain gizartea mobilizatzen ez baldin bada “txikitu egingo gaituzte”, haren esanetan. Greba orokorrak tresna baliagarriak direla esan du, eta botere ekonomiko eta politikoak sortzen duen «beldurrari» aurre egiteko mobilizazioarekin erantzun behar zaiola aldarrikatu. Izan ere, “beldurra sortzen ez badute, ez dira ezer; eurentzat beharrezkoa da”.

Hori dela eta, beldurrak uxatzeko bidea “kolektiboki” egin behar delako, bihar kaleak hartzeko deia egin diote gizarteari ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta hainbat eragile sozialetako ordezkariek.

Atzo egin zuten agerraldi bat sindikatuek, herritarrei dei egiteko. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “beharrezkoa da erantzuna antolatzea”. Biharkoarekin, bosgarren greba deialdia izango da krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta ibilbide horretan mugimendu sozial eta sindikatuek egin duten lana nabarmendu du Etxaidek: “Une honetan inork gutxik defendatzen du politikan egindako murrizketek emaitzak izango dituela”. Horrez gain, gogorarazi du multzo sozial “handi” batek ere amore ez emateko jarrera erakutsi duela. Baina hor arazo bat sortzen da: “Gure politika sozialak alboan izango ditu politika eta erakundeak?”. Hori lortzea izango da, halaber, grebaren helburuetako bat.

Politikari presio egiteko ere beharrezkoa izango da politika, hala uste du Muñozek. “Politikari interpelatu egin behar zaio, hori sentitu beharra dauka”. Hori egin ezean, politikari nahi duena egiteko bidea ematen baitio. Adibide gisa, Portugalgo egoera gogorarazi du ELAko ordezkariak. Duela hamar egun, Pedro Passos Coelho lehen ministroak murrizketa gogorrak aurkeztu zituen, eta “adierazpenaren ondoren egon diren mobilizazioekin gobernuak bere jarrera berriz pentsatzera eraman du herriak”. Horregatik, biharko grebak eragina izan dezakeela ere gogorarazi nahi izan dute eragile sozial eta sindikalek.

Protestak Hego Euskal Herrian

Sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Iruñean, zutabe bana abiatuko dira Barañaindik (11:00), Sanduzelaitik (09:30), Txantreatik (11:00) eta Atarrabiatik (11:00), eta guztiak Gaztelu plazan batuko dira, 12:00etan. Gasteizen, berriz, hiru zutabe aterako dira: Corte Inglesetik, Bulebarretik eta Eusko Jaurlaritzatik. 10:00etan hasiko dira guztiak, eta Bilbo plazatik Andre Mari Zuriaren plazara bitartean elkartuko dira hirurak, 12:00etan.

Donostian, ordu berean aterako dira zutabe bana Anoetatik, Saguesetik eta Antiguatik: 11:45ean. Artzain Onaren inguruan egingo dute bat 12:30etan, eta Bulebarrera martxa egingo dute. Bilbon ere 11:45ean aterako dira zutabeak, Deustutik, Salveko zubitik, udaletxetik eta Zabalburutik. 12:30etan elkartuko dira Plaza Biribilean, eta Jesusen Bihotzara joango dira.

Gutxieneko zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen greba egunean bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuen dekretua. Besteak beste, %30eko zerbitzuak ezarri ditu garraio publikoetan. Espainiako Sustapen Ministerioak, ordea, zehaztu du Renfeko aldiriko trenetan zerbitzuen %75 bermatuko dituela puntako orduetan, eta %50 gainerakoan.

Bihar lan egiteko eskubidea defendatu du Confebaskek

Biharko greba orokorrak “lanerako eskubidea egikaritu nahi dutenengan” eraginik ez izateko eskatu du Confebaskek. Patronalak nabarmendu du aukeratzeko askatasuna “beste edozeren gainetik” egon behar dela, eta lanera joatea erabakitzen dutenek horretarako bermeak izan behar dituztela. Grebaren kontra ere egin du Confebaskek; “enpresei krisitik ateratzeko ahaleginetan lagundu” behar zaiela esan du: “Enpresak dira gure ekonomia, ongizatea eta enplegua sostengatzeko berme bakarra, eta horiei kalte egitea egin dezakegun akatsik larriena da”. Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, greba egiteak “ez du ezer konpontzen; areago, okertu egiten du”, esan du Confebaskek.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du indartu egingo duela polizia taldea. 5.000 ertzain arituko dira lanean greba egunean zehar gerta daitezkeen istiluak saihesteko.

Ezkerreko hainbat alderdik “borroka” egitera deitu dute

Alternatiba, Antikapitalistak, Aralar, Equo eta Gorripideak taldeek “borroka eta desobedientzia zibila” aldarrikatu dituzte Bilbon, eta biharko grebarekin bat egiteko deia egin dute. Salatu dute PPren neurriekin herritarrak eskubiderik gabe geratuko direla, eta egunean ordu gehiago lan egin beharko dutela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s