“HEMEN BIZI, HEMEN ERABAKI”

Posted: 2012/09/23 in GREBA OROKORRA

Grebara batzeko azken trena

 

Milaka lagunek asteazkeneko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen

Asteazkenean helmugara heltzekoa den trena jendez betetzen doa Espainiako Gobernuaren azken murrizketen aurka. Atzo Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin zituen geldialdiak, eta dagoeneko herritar ugari igo bada ere, —700 enpresa batzorderen atxikimenduekin, besteak beste—, guztientzako eserlekuak geratzen dira oraindik. Greba orokorra murrizketen aurkako «uholdea» izatea nahi dute, eta hori horrela izango dela ziur daude sindikatu eta gizarte eragileak. Irailaren 26an trenetik jaitsi eta Hego Euskal Herriko hiri eta herrietako kaleak jendez beterik ikusi nahi dituzte.

Donostian jendetza bildu zen arratsaldean, Bulebarrean hasi eta amaitu zen manifestazioan. Lau pankartaren atzetik banatu zen jendea, baina bananduta joan arren, guztiek mezu bera aldarrikatu zuten: Euskal Herrian murrizketarik ez aplikatzea. «Lapurrak» ere gogoan izan zituzten manifestariek, bankuei erreferentzia eginez. Erabakiak Euskal Herriak hartu ahal izateko aldarria sarri entzun zen ibilbidean: «Hemen bizi, hemen erabaki». Hori egin ahal izateko, Euskal Herriko gobernu eta erakundeei Espainiaren neurriak ez ezartzeko eskatu zieten.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak eta grebara deitu duten 50 eragile sozialak ziur daude posible dela beste politika bat egitea, gizartearen beharrak bete eta eskubideak bermatuko dituen politika bat. Donostiako manifestazioaren amaieran, hala mintzatu zen Amaia Garin Bilgune Feministako kidea: «Erantzuna gure eskuetan dago, eta, horretarako, beharrezkoa da harresi sendo bat eraikitzea». Harresia, murrizketen «erasoaldiari» aurre egiteko. Arkaitz Irastorzak, Stop Desahucios taldeko bozeramaile gisa, kolektibo «ahulenak» izan zituen gogoan: langabeak, etxe kaleratzeak jasan dituztenak… Pentsioak jaisteko «mehatxuaz» ere ohartarazi zuen.

Bilbon eta Gasteizen ere giroa berotu zuten milaka lagunek greba egunaren atarian. «Inoiz baino arrazoi gehiago daudelako», asteazkenean grebarekin bat egiteko deia egin zien herritarrei Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Bilbon. Haren arabera, botere politiko eta ekonomikoak «abilak dira jendea beldurtzen», eta hori egin gabe ez dira «ezer». Horiek horrela, «besaulkitik altxatzeko garaia da». Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere mobilizatzea beharrezkotzat jo zuen: «Aldaketa lortuko dugu mugitzen bagara». Etxaidek «diktadura ekonomikoa» inposatu nahi izatea leporatu zion Espainiako Gobernuari, eta horrek «eskubiderik gabeko etorkizuna» ekarriko duela salatu zuen. Antolatzaileen arabera, 7.000 bat lagun elkartu ziren Bilbon.

 

Donostiatik eta Bilbotik jende andana jaso ondoren, Gasteizera heldu zen aldarria. Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta, murrizketen aurkako pankartari jarraitu zioten milaka herritarrek.

 

Emakumeen deia

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere atzoko eguna baliatu zuen asteazkenerako greba deialdiari babesa adierazteko. Donostian, Artzain Onaren katedralaren aurrean, amantalak, erosketen orgak, erratzak eta bestelakoak atera zituzten, etxeko lanak «aintzat» hartzen ez direla salatzeko. «Pertsonak eta bizitzak gara lehentasuna, eta ez merkatuak. Bada garaia etxeetan ere greba egiteko». Saioa Iraola Bilgune Feministako kidearen ustetan, beharrezkoa da zaintza lanak aintzat hartuko dituen ekonomia bat aldarrikatzea, gobernuaren politika «basatiei» aurre egiteko.

Asteazkena heldu aurretik, grebara deitzeko ahaleginekin jarraituko dute hainbat taldek. Biharko elkarretaratzea antolatu dute Gorripideak, Equok, Antikapitalistak taldeak, Aralarrek eta Alternatibak, Bilbon (Plaza Biribila, 19:00). PPren neurrien aurka, «borroka eta desobedentzia» eskatuko dituzte. «Aberatsak gero eta aberatsagoak dira, eta arazoak izan dituztenean gobernuak gure diruarekin erreskatatu dituzte. Dirua egon badago; betikoek daukate».

Bost taldeek salatu dute sistemaren kontra «borroka» egiten ez bada kapitalismoaren lehen urteak itzuliko direla horrek dakarrenarekin: egunean ordu gehiago lan egitea, enpresa handien mozkinak handitzeko.

CCOOk eta UGTk, greba orokor deialdiarekin bat ez egin arren, mobilizazioak egingo dituzte murrizketen kontra, beste hainbat sindikaturekin batera. Ostiralean giza kate bat egingo dute Bilbon, zerbitzu publikoen eta ongizate estatuaren alde.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s