BARKAMENA ESKATU DIE

Posted: 2012/09/17 in konponbidea

 

Otegi: “Independentismoa nagusi izan daiteke”

 

“ETAren ekintza armatuen biktimen senideei” barkamena eskatu die Otegik, “ezker abertzaleko bozeramaile gisara min edo sufrimendu apur bat” eman badie.

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak azken urteetako ibilia bildu du Gara egunkariak datorren astean argitaratuko duen elkarrizketa liburu batean, eta, egunkari horrek atzo aurreratu zuenez, barkamena eskatu die ETAren ekintza armatuen biktimen senideei, “ezker abertzaleko bozeramaile gisara (Batasunako bozeramaile guztien izenean) min edo sufrimendu apur bat” eman badie.

“ETAko kide izan naiz, eta borroka armatua praktikatu dut frankismoan; beraz, baldintza politiko ete sozial ezohikoak izan direla uste dut […] Ez naiz hipokrita horretan […] Gaur egun inork erabili beharreko borroka motari buruz aholkua eskatuko balit, garbi esango nioke borroka baketsua eta desobedienzia, kontu etikoengatik eta politikoengatik”.

2005etik orain arteko bidea nolakoa izan den kontatzen du Otegik liburuan, tartean Espainiako Gobernuarekin Genevan izandako negoziazioak. “ETAren ordezkaritzak eskua emanez agurtu zuen Espainiakoa. Guk ez egitea erabaki genuen, keinu hori akordio bat lortutakoan egingo genuela esanez”.

“Transatlantikoaren 180 graduko” norabide aldaketa

Otegik ezker abertzalearen eztabaida estrategikoa ere hizpide du liburuan. Otegik adierazi du, konpromiso hitza baliatuz, ezker abertzalearen “transatlantikoa” biratzea erabaki zutenean “kosta jotzear” zela. “Gaur egun, independentismoa nagusi izan daiteke”.

Otegik dio 180 gradu aldatu zutela bidea. “Ez zen lan erraza izan; tentsio handiak izan ziren, eta ahultze pertsonala ere bai. Baina garrantzitsuena da orain denak itsasontzi berean goazela, norabide berean”. Gaineratu du banaketa arriskua ez zuela jaso, “ez zegoelako beste biderik”.

Hala ere, Inaxio Uriaren eta Isaias Carrascoren hilketen eta Nafarroako Opusen Unibertsitatearen aurkako atentatuaren ostean tentsio handia izan zutela aitortu du Otegik liburuan. “Estatuak banaketa nahi zuen. Baina ikusi zuenean ez zutela lortuko, atxilotu egin gintuzten”.

Otegik azaldu du Euskal Herrira itzuliko ote ziren galdetu zietela nazioarteko ordezkaritzako kideek Genevako negozioazioetan, Rubalcabak atxilotu egingo zituztela mehatxu egin zuelako, espetxean hamar urte pasatzeko. Gainera, salatu du Rubalcaba izan zela oztopo nagusia PSOEk zenbait keinu egin zitzan.

“Norabide onean egindako urratsa” da Otegirena, Patxi Lopezen ustez

ETAren biktimei Arnaldo Otegik barkamena eskatu izana “norabide onean egindako urratsa” dela adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta “ongi etorria” eman die Otegiren hitzei. Hala ere, gaineratu du “hogei urte berandu” iritsi dela eskaera hori.

Otegiren hitzak “zintzoak” izatea espero duela esan du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, eta iraganarekin kritiko izateko beharra nabarmendu du: “Iraganaren irakurketa kritikoa da egindako akatsak eta izugarrikeriak ez errepikatzeko bermea”.Bide horretan, esan du gainerako euskal presoek ere hala egitea espero duela. Halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio espetxe politika “malguagoa” ezartzeko “autokritika” egiten duten presoei.

Bestalde, normalizazio prozesuan pausoak emateko eskatu die Pello Urizar EAko idazkari nagusiak alderdi politikoei, “batzuek ez baitute urrats bat bera ere egin”. Aldiz, ezker abertzaleak “amaieraraino pauso guztiak” emango dituela ziurtatu du Urizarrek.

PSEren hauteskunde kanpainako koordinatzaile Rodolfo Aresek EH Bilduri eskatu dio Otegik esandakoak bere egin ditzala. Barkamen eskaera “zintzoa” izatea espero du, eta ez “hauteskundeetarako amu bat”. Barkamena eskatzea galdegin dio Aresek Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiari, eta gaineratu du garrantzitsuena dela adierazpen horiek praktika politikoan islatzea.

PPren EAEko presidente Antonio Basagoitiren ustez berriz, “mozorroa” baino ez dira Otegiren adierazpenak, EH Bildurentzako botoak lortzeko eginak. Hauteskunde interesez gain, “arreta desbideratzeko” saiakera ikusi du Basagoitik ezker abertzaleko kidearen adierazpenetan: “Gizartearen arreta desbideratu nahi dute, ETAk erailaz defendatu zuen proiektuan aurrera egiteko, independentziaren eta sozialismoaren proiektuan”. Gainera, Patxi Lopez lehendaria kritikatu du, Otegiren hitzei “ongi etorria” emateagatik.

Otegiren hitzak “lehenengo urratsa” dira Ezker Anitzako koordinatzaile Mikel Aranarentzat, eta adierazi du ezker abertzale osoak barneratu behar duela eragindako mina aitortzeko beharra. “Memoriarik gabeko bakea ez da bake justua izango”, gaineratu du, eta Eusko Legebiltzarrak biktimen inguruan lortutako akordioa gogoratu du: “Hori da bidea, eta bide horrekin bat datoz Otegiren adierazpenak”.

Gorka Maneiro UPDko lehendakarigaiak, berriz, “iragana zuritu nahi izatea” egotzi dio Otegiri, eta erantsi du: “EH Bilduri emandako boto bakoitza ETAren historia justifikatzeko boto bat izango da”.

Espainiako Gobernutik, Miguel Arias Cañete Nekazaritza eta Ingurumen ministroak “erdibideko estrategiatzat” jo ditu Otegiren hitzak, eta gaineratu du ETAk egin behar duen bakarra bere burua desegitea dela.

PPko komunikazio idazkariorde Esteban Gonzalez Ponsek dio “tentuz” hartu behar direla adierazpenok, liburua ez delako osorik ezagutzen, ez eta hitzen testuingurua ere: “Biktimak hauteskunde interesekin erabiltzen ari bada, kolektibo honi egin dakiokeen irainik handiena litzateke”.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s