ZIGOR KODERIK GOGORRENA

Posted: 2012/09/15 in PP

Betirako kartzela eta guzti, frankismo osteko zigor kode gogorrena da PPrena

Zailagoa izango da aske ateratzea baldintzapean, eta bidea jarri dute irten eta gero polizien zaintza hamar urtez edukitzeko

Inguruko zigor koderik gogorrena daukala maiz nabarmendu du Espainiako Gobernuak, baina are gehiago gogortzeko asmoa du, herrialde «seguruagoa» lortzeko. Lehen aldiz, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri du, berrikusteko aukerarekin. Delitu «larrienetarako» izango da betirako zigorra. Beste ate bat ere ireki du Madrilek: espetxealdia amaituta, zaindu egingo dituzte preso ohiak, delituak egiteko «arriskua» ikusiz gero. Kalean, errepresio gehiago: ordena publikoaren kontrako ekintzek zigor handiagoa izango dute, eta mehatxuak atentatutzat jo ahalko dituzte. Frankismo alditik ez da izan hain kode gogorrik.

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak atzo aurkeztu zuen lege berriaren oinarria. Ez da aldaketa bakarra izango: Zigor Kodearen altzoan, Prozedura Kriminalaren Legea ere egokituko dute.

Bizi guztiko espetxealdia

Berrikuspena, 25-35 urtera

Hauteskunde kanpainan hitzemandakoa beteko duela iragarri du Gallardonek: bizi guztiko espetxe zigorra ezartzea. Euskal presoei eta Espainian izandako hilketa batzuei zuzeneko erreferentzia egin zien, aldaketa arrazoitzeko. «Ez dut izenik emango, baina buruan dauzkagu guztiok».

Gisa horretako delituek izango dute, hain zuzen ere, bizi guztiko zigorra. «Hilketa terroristak» egiten dituztenen espetxealdia behin betikoa izango zela iragarria zuen Gallardonek; orain, kasu gehiagotara zabaldu du. Honako hauek izango dute zigor hori: estatuburuen hilketek, 16 urte baino gutxiagokoen hilketek, sexu erasoen ondorengo hilketek eta gizateriaren aurkako krimenek. Talde antolatu bateko kide izateak ere zigor hori ekarriko du.

Giza eskubideak eta legeak aintzat hartu dituztela esan du Gallardonek, eta biak betetzen dituela bizi guztiko zigorrak. Azaldu du zigorra berrikusiko dutela: 25-35 urte igaro eta gero, presoaren egoera bi urtean behin aztertuko dute, kartzelatik atera dezaketen erabakitzeko. Europako herrialde askotan horrelako zigorrak badirela nabarmendu du Madrilek.

Espetxe osteko zaintza

Hamar urte polizien begietan

Zigorra beteta eta espetxetik aterata ere, preso ohiak zaintzapean eduki ahalko dituzte. Askatasuna mugatzeko bide hori «salbuespenetan soilik» hartuko dute epaileek, Justizia ministroaren hitzetan. Bereziki sexu erasotzaileak dituzte gogoan neurri horrekin, eta delituak behin baino gehiagotan egin dituztenak. Hauek aipatu dituzte: hilketak, indarkeriazko erasoak, nazioarteko komunitatearen aurkakoak, terrorismo delituak eta droga trafikoa. Delitu bat baino gehiago aldi berean edo bat behin baino gehiagotan eginda, espetxe osteko zaintza jarri ahalko dute. Preso ohia «arriskutsua» dela ziurtatu beharko dute.

Hamar urtekoa izango da zaintza aldia gehienez ere. Lehenago utzi ahalko du neurria bertan behera epaileak, «arriskua» desagertu dela ikusten baldin badu.

Baldintzapean aske uztea

Zigorra ez dute kitatuko

Gogortu egingo dute baldintzapean aske gelditzeko modua. Kontzeptua bera aldatuko dute: ez da izango baldintzapean aske uztea, baizik eta zigorraren betearazpena etetea. Zer esan nahi du horrek? Libre ateratakoan delituren bat egiten badu preso ohiak, berriro kartzelara eramango dutela, zigorra osorik betetzera. Zigorra ez da desagertuko: baldintzapean aske egindako denbora zigor gisa kontatzen dute orain —gutxituz joaten da, beraz—; aurrerantzean, ordea, ez. Atzeratu egingo da askatasuna eskatzeko epea: zigorraren erdia betetzean eskatu ahalko dute presoek; orain, bi heren betetakoan.

Askatasuna mugatzeko neurri horiek guztiak aste esanguratsu batean iragarri ditu Madrilek: Josu Uribetxebarria euskal presoa aske utzi izanak eztabaida sortu du PPn. Oker jokatzea egotzi diote kide batzuek Barne Ministerioari.

Ordena publikoa

Erasoak, atentatu

Gaur egungo egoerarekin lotutako beste neurri bat: kaleko protestak gogorrago zigortuko dituzte. Atentatutzat joko dute poliziei oldartzea, eraso egitea edo mehatxu egitea. Gallardon: «Poliziek bermatzen dute herritarren askatasuna, eta haiek babestea herritarren eskubideak babestea da».

Manifestazioen antolatzaileak zigortzeko bidea zabaldu du Madrilek. Manifestazio baten ostean istiluak izaten badira, zuzenean ez dute deitzailea zigortuko —hori iragarri zuen Barne Ministerioak—; baina irizten badiote antolatzaileak berak nolabait ere bultzatu dituela istilu horiek, zabaldutako mezuen bidez edo, zigorra jarriko diote. Ordena publikoaren aurkako delituan, larrigarritzat joko dute kaleko erasoetan pertsonak arriskuan jartzea, baita istiluak baliatuz lapurreta egitea ere.

Barne Ministerioaren asmo batzuk ez ditu bere egin gobernuak: erresistentzia pasiboak eta desobedientziak lehengo zigorrekin jarraituko dute. Gallardon: «Ez dugu ezarri errepresio gehiago».

Faltak, desagertuta

Delitu eta isun gehiago

Faltak ez dira Zigor Kodean agertuko. Delitu izango dira, edo administrazioaren bidetik isun bat jarriko dute. Gallardonek adierazi du ez dela zigorra arintzea hori, gaur egun falta gehienak isuna pagatuta kentzen direlakoan. Egokitzea izango da, beraz. Ebasketa delituak izan ohi dira faltarik ohikoenak. Delitu izango dira. Larritasuna zenbatekoa den erabakitzeko, ez dute kontuan izango zenbat ostu den soilik; biktimak zenbat diru duen aintzat hartuko dute. Gainera, behin baino gehiagotan ostea larrigarri izango da: hiru urtera arteko espetxea izango dute, eta kasu larrienetan, lau urtekoa ere bai. Zigor gogorragoa izango dute delitu ekonomikoek.

Suteak

Herri epaimahairik ez

Suteak ez dituzte herri epaimahaiek epaituko, epaile profesionalek baizik. Zigorrak handituko dituzte: sei urtera arteko kartzela —orain 3-5 dira—, eta kasu larrietan, baita bederatzi urtekoa ere.

Prostituzioa

Salerostea, zigortuago

Pertsonen salerosketa eta prostituziora behartzea gogorrago zigortuko dituzte, baita haur pornografia ere. Hala ere, alor horri buruz ez dute eman datu gehiago.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s