STOP FRACKING

Posted: 2012/09/15 in FRACKING EZ!

Fracking’ proiektuak bertan behera utzi ditu Frantziak

Fracking-a, gasa haustura hidraulikoaren bidez ateratzea, ez da François Hollande Frantziako presidentearen gustukoa, eta, hori dela eta, herrialdean dauden zazpi egitasmo bertan behera uzteko agindua eman dio Delphine Bathori, Energia, Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko ministroari.

Frantziako Gobernuak gasa era horretan erauzteko zazpi egitasmo dauzka mahai gainean, eta denak botako ditu atzera, Hollandek berak atzo Ingurumen Konferentziaren hasierako ekitaldian jakinarazi zuenez. «Egun dakiguna jakinda, inork ezin du esan haustura bidez gasa erauzteak ez duela arriskurik ingurumenarentzat eta pertsonen osasunarentzat». Eta Hollandek onartu du fracking-a dela, oraingoz, gasa erauzteko ezagutzen den teknika bakarra.

Jakina denez, Eusko Jaurlaritzak ere gasa modu horretan ustiatzeko hainbat egitasmo ditu mahai gainean. Patxi Lopezen gobernuak asmoa azaldu du proiektu horiei baimena emateko ingurumenean izan dezaketen eraginaren azterketarik egin gabe.

Egitasmo horiek kontrako ahots ugari altxarazi dituzte Araban eta Euskal Herriko beste leku batzuetan, ingurumenean eragin dezaketen kaltearengatik.

Hollandek bidea itxi die bere gobernuari aurkeztutako zazpi proiektuei, eta gauza bera egingo du aurkeztuko dizkiotenekin ere; alegia, fracking-ak Frantzian ez du tokirik izango geroan ere.

Atzo inauguratu zuen Ingurumen Konferentzia Hollandek, Parisen. Bilkura horretan, gobernuaren 14 ministrok eta dozenaka gizarte eragilek eztabaidatuko dute egunotan ekologiaren inguruko gaiez. Guztira, 300dik gora lagun ari dira parte hartzen.

Zentral nuklear bat itxiko dute

Haustura hidraulikoarena ez da Hollandek atzoko bilkuran egindako iragarpen bakarra. Presidenteak adierazi du 2016an itxiko dutela Frantziako zentral nuklearrik zaharrena, Fessenheimgoa. Alemaniako mugatik gertu dago zentral hori. Aldi berean, Frantziak energia nuklearrarekiko duen menpekotasuna arindu egin nahi duela esan du Hollandek, hauteskunde kanpainan azaldutako asmoa berretsita.

Ildo horretan, gaur egun Frantziak eta Ipar Euskal Herriak kontsumitzen duten argindarraren hiru laurdenak jatorri nuklearra du, baina 2025erako kopuru hori %50era gutxitu nahi du gobernuak. Mezu hori bat dator atzo Japoniako Gobernuak egindako beste iragarpen batekin. Izan ere, Asiako herrialde horrek zentral nuklear guztiak itxi nahi ditu 2030eko hamarkadarako.

Hollandek esan zuenez, Fessenheimgo zentrala itxiko badute ere, eskualdeko argindar hornidura ez da etengo, eta lanpostu guztiei eutsi egingo diete.

Bestalde, energiaren alorrean, zentral termikoen sarea berritu egingo dutela adierazi du Hollandek, eta, hain zuzen ere, hori izango dela heldu diren bost urteotan bere gobernuak izango dituen lehentasunetako bat.

Frantziako presidenteak jakinarazi du bioaniztasunaren inguruko agentzia bat eratuko duela gobernuak, tokian tokiko enpresa, elkarte eta erakundeekin eskuz esku lan egiteko.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean klima aldaketari buruz antolatuko duen nazioarteko goi bilera bere gain hartzeko asmoa azaldu du Parisek. Urte horretarako, herrialdeek akordio bat egin beharko lukete, ahalbidetzeko etorkizunean munduko tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s