“ARABA EZ DA EUSKADI”

Posted: 2012/09/15 in iritzia

Araba Euskaditik kanpo amesten zuen alderdia



1989 urtean jaio zen Unidad Alavesa alderdi politikoa, PPtik banatuta. Sustraiak, ordea, historian atzera eginez aurkitu behar dira, Gasteizen gutxienez XIX. mendetik existitu izan den ildo baten jarraitzailea baita. Unidad Alavesaren dotrinaren zutabeak aipatzea nahikoa da alderdia noren oinordekoa den jakiteko: Araba ez da Euskadi, euskera ez da Arabako hizkuntza, Arabak Foru Erkidego bat behar du izan. Edo, beste modu batera esanda: abertzaleek Araba kolonizatu egin dute, herritarren borondatearen aurka. Horregatik aukeratu omen zuten Gasteiz Eusko Jaurlaritzaren egoitza izateko. Besteak beste, 1936ko altxamendu kolpista ospatu zuten arabarrak ez lirateke arrotz sentituko Unidad Alavesaren barnean.

 

Pablo Mosquera eta Enriqueta Benito politikariek gidatu zuten UA urte luzez, 2005 urtean desegin ziren arte. Axolagabetasun orokorraren erdian (eta barneko interes gatazkak eraginda) utzi zuten bazterrean haien diskurtso foralista. Ordurako arrakastaren zaporea dastatua zuten: Gasteizko Udalean ordezkaritza zabala izateaz gain, desagerrarazi nahi zuten Eusko Legebiltzarrean sei ordezkari lortu zituzten 1994 urtean. Alderdiaren emaitza harrigarriek bazuten bere azalpena, alde anitzekoa, baina diskurtso demagogikoaren zoru gainean eraikia. Vitoriano konplexua, Bilbo eta Donostiaren aldean hiri txiki eta apal bat izatearena, eliztiar eta militarrez josia. Ez zegoen Gasteizen iraultza industrialaren harrotasunik ezta turisten glamourrik ere, burgesia geldoa eta nekazaritza erreferentzia baizik.

Zertan bilakatu zen konplexua? Bilborekiko etsaitasunean eta inbidian. “Onena beti Bilborentzat, eta gu zer?”. Unidad Alavesak arrazoibide biktimista horri heldu zion, agian hein batean ulertzekoa, baina modu zikinean erabilia. Helburua Araba espainiarra eta ez euskalduna izatea izanik, abertzaleak nagusi ziren lurraldeetako gizon-emakumeak nola edo ahala mespretxatzea zuten zio. UAren leloek ez zuten zalantzarako lekurik uzten: “vasquitos y neskitas sólo los de Goya (gozotegia)“. Euskadik ez omen zion eutsiko Arabari gabe: “Con tan solo dos patas, no hay mesa que se sostenga”Vitoriano de toda la vida omen diren askok, edadetuak batez ere, euskal duen orori dioten nazka muinean. Olentzero bezalako sinboloa ere ez zen UAren abertzaletasunaren aurkako alavesismotik libratu, UAren pankartetan ikusten den legez.

 

Arabako foralisten baliokidea aurkitzerako orduan ez dago urrutira joan beharrik, Nafarroara baizik. “Álava como Navarra“, aldarrikatzen zuten Mosquerak eta enparauek. Ezaguna zaigu Unión del Pueblo Navarrok euskaldunekiko zabaldu duen gutxiespenezko jarrera, gaur arte heldu dena. Argi esanda: Unidad Alavesak berdina egin nahi zuen Arabarekin; euskal kutsu oro uxatu, arrotz sentiarazi. Diktaduraren eta hiriko gehiengo sozial kontserbadore eta espainiarzalearen mehatxupean Gasteizen euskararen eta kulturaren berpizkundean lan egiten ari zirenen arerioa zen Unidad Alavesa.

Euskadik independentziaren bidea hartuz gero, el de Arzallus zioten bezala, Nafarroako Foru Hobekuntzatik kopiatutako Autonomia Estatutua proposatu ere egin zuten. 2002 urteaz ari gara, ez 80ko hamarkadaz. Nafarroarekin kointzidentziarik ez, UPNren imitazioa zen alderdi foralista arabarra. Hain da horrela, UA zatikatzear zenean Unión del Pueblo Alavés (UPA) izena erresgistratu zutela alderdi politiko gisa.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s