IKASLEAK GREBARA!

Posted: 2012/09/04 in HEZKUNTZA

 

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako ikasleek greba bateratu batera deitu dute urriaren 11rako

 

Espainiako Gobernuak egindako murrizketen aurka eta herri bakoitzaren subiranotasunaren alde egiteko eskatu diete ikasleei.

“Ezinbesteko alternatiba eskola propioa bultzatzea da; herritarra, laikoa, ez-patriarkala, duina eta nazio bakoitzaren hizkuntza zein kultur eskubideak errespetatuko dituena”, adierazi dute ikasle mugimenduetako ordezkariek. 

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako ikasleek greba bateratu bat iragarri dute urriaren 11rako. Europako Banku Zentralaren eta Espainiako Gobernuak egindako murrizketen aurka eta “zapaldutako” herri bakoitzaren subiranotasunaren alde egiteko eskatu diete ikasleei, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren aurrean egin duten agerraldian (Madril). 

“Ezinbesteko alternatiba eskola propioa bultzatzea da; herritarra, laikoa, ez-patriarkala, duina eta nazio bakoitzaren hizkuntza zein kultur eskubideak errespetatuko dituena”, adierazi dute ikasle mugimenduetako ordezkariek. Manifestuaren alde agertu dira ondorengo erakundeak: SEPC Sindicat d’Estudiants dels Països Catalans, Estudiants Independentistas y Revolucionarias d’Aragon, Yesca, SAT Sindicato Andaluz de Trabajadores, AGIR, Jaleo —Jóvenes Andaluces/zas independentistas—, Darréu —Mocedá Independentista Revolucionario—, Liga Estudantil Galega, Regüelta Cantabria eta Ikasle Abertzaleak. 

“Gobernu zentralaren erabakiak inongo lotsarik gabe aplikatzen ari dira, administrazioetako gobernuen babesarekin”, salatu dute. Europako Batasunak “inposatutako” neurrien aurrean herritarrak babesik gabe daudela esan dute. Testuinguru horretan, ikasle antolakundeek eratzukizunez jokatuko dutela azaldu dute; “sistema itogarri honen aurrean alternatiba ezkertiar eta burujabea sortuz”. 

Horrela, urriaren 11n hezkuntzako eta bestelako murrizketei ezezko borobila emateko eskatu diote gizarteari, PPren gobernuaren neurriak hezkuntzaren “pribatizazio eta elitizazioaren” bidean datozelako. Ikasle mugimenduetako ordezkariek gogorarazi dute subjektu aktibo izanik bakarrik lor daitekeela bestelako gizarte eredu bat.  

Webgune bat sortu dute, eta Twitter sare sozialean #11×12 etiketa erabiltzea proposatu dute.

Manifestua:

Manifestu hau izenpetzen dugun espainiar estatuko nazio ezberdinetako ikasle mugimenduok Mariano Rajoyren erreformei, eta bereziki, Wert hezkuntza ministroaren murrizketei gure ezezko borobilena azaldu nahi diogu ikasleria eta jendarteari.

Era berean, aipatu nahi dugu neurri guzti hauek, euren betebeharrei muzin eginez, administrazio ezberdinetako gobernuen babesarekin gauzatzen ari direla. Gobernu zentralaren erabakiak inongo lotsarik gabe aplikatzen ari dira, beste behin ere. Hauek, nazio zapalduon subiranotasun eta independentzia urratzen dute Europar Batasunetik eta kapital basatien erreformen aurrean babesgabe geldituz.

Abagune politiko honetan, manifestu hau babesten dugun ikasle antolakundeok dagokigun erantzukizunarekin jokatu eta esfortzu politiko handia egin dugu aukera bakar gisa aurkezten diguten sistema itogarriaren aurrean alternatiba erreal bat sortzeko; alternatiba ezkertiar eta burujabea, non botere ekonomiko eta politikoak herrian izango duen funtsa; non hezkuntza bezalako aberastasun kolektiboarekin bukatzerik izango ez duten.

Erreformak, murrizketak eta eskubide sozial, politiko eta kulturalen gutxitzeak eguneroko jaki dira gure nazioetako ikasleontzat. Delako krisi ekonomikoaren aitzakiapean, aberatsak aberatsagoak eta txiroak txiroagoak diren sistema batera bideratu nahi gaituzte. Boteredunak, gobernu ezberdinen kudeatzaile direnak, sistema basati horretara bultzatzen gaituzte, eta gainera, estatuaren indar errepresiboak erabiltzen dituzte klase zapalduaren kontra.

Nazioen kultura eta hizkuntzen egoera ankerra nahikoa ez, eta orain hezkuntzako aurrekontuak ere murriztu dituzte. Krisi instituzionalarekin ez dute estatu barneko nazio ezberdinak uniformatzeko aztirik galdu. Euren egitura desorekatuaren mantentzea dute helburu bakarra nazioak desagerrarazteko helburu hutsarekin.

Hau dena dirurik ez dagoela esanez justifikatzen dute. Gama handiko merkatuak, gastu militarra eta politikarien soldatak etengabean igo direnean, gero eta gehiago dira gure eskoletan kamera eta segurtasun indar gehiago ikusten ditun egoerak. Bitartean, ikasletako ikasle kopurua handitzeko eta irakasleen irakats orduak gehitzeko erreparorik ez dute. Edozeinek ikus ditzake zapalketa hauek.

Gainera, urteak dira unibertsitatearen pribatizazio eta elitizazioaz hitzegiten hasi ginela. Eta ez dira gutxi izan bide horretan jasan behar izan ditugun kolpeak. Askotan ero eta extremistatzat jo izan gaituzte eta egun, ez da, zoritxarrez, unibertsitateak hartu duen bide elitista uka dezakeen errektorerik. Nahiz eta ez genuke arrazoirik izan nahi, bagenioen; iragarri genuen. Hala ere, ezer gutxi galtzeko dugun honetan, dena irabazteko dugula esatea dagokigu ikasleoi! Bada bestelako jendarte justu eta parekide bat lortzeko garaia. Boterea herrian datzan jendartea lortzeko garaia da!

Honetarako, herri bakoitzaren subiranotasuna lantzeko beharra ikusten dugu: burujabetza. Burujabetza hori non prozesu guztietan subjektu izango garen eta ez salerosketarako objektu huts. Egunez egun, ikastetxez ikastetxe eta fakultatez fakultate inposaturiko edozein neurriren kontra altxatu beharra dugu eta gure alternatiba propioak sortu eta eraiki, gure helburuak lortze bidean. Batera, elkarlanean, hezkuntza duin eta herritar baten alde, bestelako eskola eredu bat eraikiko dugu non pertsona aske gisa hezituak izango garen. Subjektu aktibo izanik soilik lortuko dugu bestelako eskola eta jendarte eredu bat eraikitzea.

Bide honetan, alternatiba bakarra eskola herritar, laiko, antipatriarkar, duin eta nazio bakoitzaren hizkuntza zein kultur eskubide osoak errespetatuko dituena bultzatzea ezinbestekoa da. Honetarako, ikasleria osoari gurekin batera bidea egin dezan gonbitea luzatzen diogu. Etorkizuna eraiki dezagun, gure orainaren jabe garelako, gure konpromisoa izan behar da.

Borroka garaia da! Ikasle borrokaz lortuko dugu!

Jotake irabazi arte!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s