ITUN JOKOAK

Posted: 2012/08/28 in HAUTESKUNDEAK

Hautsak harrotzen hasteko, itun jokoak

Legebiltzarra desegin eta bozetarako deialdia egiten duen dekretua gaur argitaratuko da aldizkari ofizialean

Epeak finkatuta daude. Gaur desegin da Eusko Legebiltzarra ofizialki, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak atzo sinatutako dekretuarekin. Hauteskundeetara urriaren 21erako deitzeko dekretua sinatu zuen atzo, eta gaur argitaratu da EAEko Aldizkari Ofizialean. Horrenbestez, legebiltzarra deseginda geldituko da, eta, harik eta bozak egin eta legebiltzar berria osatu arte, batzorde iraunkorrak kudeatuko du legebiltzarra —75 legebiltzarkidetatik 23k osatzen dute—.

Gaurtik hamabost egunera irekiko da bozetan parte hartu nahi dutenek hautagaitzak aurkezteko aukera. Bost egun izango dituzte horretarako —irailaren 13tik 18ra—, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeetan aurkeztu beharko dituzte. Izan ere, lurralde bakoitzak bere legebiltzarkideak aukeratzen ditu, bakoitzak 25; guztira 75. Irailaren 24an aldarrikatuko dira hautagaitzak, eta gero inpugnazioetarako aukera irekiko da.

Urriaren 5ean abiatuko da kanpaina, behin betiko zerrendak onartuta, eta urriaren 19ko gauerdian amaituko da. Beraz, gogoeta eguna izango da ETAk armak utziko zituela iragarri zueneko aurreneko urteurrena.

Oraindik goritu ez den arren, beroa izango da kanpaina. Asko dago jokoan: egoera ekonomiko makurra eta ETAk armak utzi osteko egoeraren kudeaketa izango dira gai nagusiak, itxura guztien arabera, baina, oraingoz, mamian sartu gabe, balizko gobernu akordioekin hasi dute kanpainaurrea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehiatuko diren alderdi gehienek. PSE-EEk eta PPk argi esan dute EH Bildurekin ez dutela hitzarmenik egingo, ez baitiete izaera demokratikoa onartu nahi. Hori EAJren kontra egiteko ere baliatu du PSE-EEk, jeltzaleek koalizio abertzalearekin ituna egingo dutela iragarriz. Alderdi jeltzaleak, berriz, ez du ezer zehaztu. Ez du inor baztertu, eta «ongizate estatua bermatzeko, alderdien arteko akordioa» egin asmo duela esan du Iñigo Urkullu hautagaiak.

 

Nahiz eta EH Bilduk ez duen esan itunak norekin egingo lituzkeen eta norekin ez, horretaz hitz egin dute gainerako alderdiek. PSE-EErekin egingo duela eamn du aditzera Urkulluk, baina Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak alderdi jeltzalea lerratu nahi izan du EH Bilduren aldera. Haren ustez, koalizio abertzaleak «ezetz esan ezingo dion proposamen subiranista» egingo dio EAJri. PSE-EE eta EH Bildu lotu nahian egindako adierazpenekin «disimulatu» besterik ez du egin nahi EAJk, Pastorren ustez, eta jeltzaleen kontra esan du «tradizioan» haiek egin dituztela akordioak ezker abertzalearekin.
Fronteak, berriz ere

Abertzale-konstituziozale lehia moduan erakutsi nahi izan ditu bozak Pastorrek, RNE Espainiako irratian egin dioten elkarrizketan: «Hori gertatzen bada [EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa], badirudi euskal politikagintzaren aro beltzera itzuliko garela. Giro garratza eta gizarte zatiketa nabarmena gertatu zen garaira».

Pastorrek iragarri du EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk eserleku bat eta hiru arteko aldea izango dutela. Alde handiagoak iragarri ditu igandean El Mundo egunkariak kaleratutako inkestak: 24-25 eserleku eman dizkio EAJri, 22-21 EH Bilduri, 17 PSE-EEri eta 12 PPri.

EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegik ez du hitzarmenei buruz hitz egin Galiziako Sermos Galizia astekarian egin dioten elkarrizketan, baina koalizioaren asmoen berri eman du. Justizia sozialean eta normalizazio politikoan oinarritutako «aldaketa erreala» bultzatu nahi dutela esan du, Euskal Herri berria eraikitzeko. PP aurrera eramaten ari den «finantza diktaduraren aurka» subiranotasun politiko eta ekonomikoaren beharra «gero eta nabarmenagoa» dela azpimarratu du.

PPk eta UPDk, berriz, hasiera-hasieratik argi utzi dute Espainiako Konstituzioaren aldekoen botoak lortzen saiatuko direla. Maria Dolores Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du PP dela «independentismoaren aurka autonomismoaren berme bakarra». Haren esanetan, Antonio Basagoiti buru duen hautagaitza da «guztiaren gainetik Espainia barruko Euskadi» defendatzen duela argi erakutsi duen «alderdi bakarra».

Gorka Maneiro UPDko hautagaiak bestelako iritzia du PPri buruz. «Konplexuekin» ibiltzea egotzi die alderdi horri eta PSE-EEri, eta gaineratu du bere alderdia dela Espainiako Konstituzioaren aldekoentzako «itxaropen bakarra». Konstituzioaren alde daudenek libre hitz egiteko garaia dela erantsi du.

 

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s