PRESO GAIXOEN ALDEKO MARTXA

Posted: 2012/08/27 in Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Preso gaixoen askatasunaren aldeko martxa deitu dute hainbat eragile ezagunek

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 14 euskal presoen askatasunaren aldeko ibilaldian parte hartzera dei egin diote gizarteari hainbat eragilek.

Asteazkenean abiatuko da martxa Donostiako Ospitaletik (11:00) eta lau etapa izango ditu Gipuzkoako herrietan barrena. Bukaera, Arrasaten. Bitartean, Uribetxebarriak Auzitegi Nazionalak aste honetan zer erabakiko zein jarraitzen du. 

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 14 euskal presoen askatasunaren aldeko martxa deitu dute hamalau gizarte eragile ezagunek. Preso gaixoen “berehalako” askatasuna galdegin dute eta gizarteari dei egin diote ekimen horretan parte hartzera. Asteazkenean, 11:00etan, abiatuko da martxa Donostiako Ospitaletik. Bertan ospitaleratuta dago Josu Uribetxebarria presoa hilaren hasieratik. 

Ibilaldiak lau etapa izango ditu Gipuzkoako herrietan barrena: Donostiako Ospitaletik Zarautzera, Zarautzetik Debara, Debatik Soraluzera eta Soraluzetik Arrasatera. Deialdia egin duten eragileen artean daude Txaro Arteaga, Joan Mari Irigoien, Andoni Egaña, Martxelo Otamendi, Josu Juaristi eta Ramon Labaien, besteak beste. 

Uribetxebarria aske utzi ala ez aurki erabakiko du Auzitegi Nazionalak

Josu Uribetxebarria baldintzapean aske utzi ala ez aste honetan erabakiko du Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak, oporretatik bueltan. Iragan ostegunean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena medikuak preso gaixoaren osasun egoeraren inguruan egindako txostena jaso zuen Fiskaltzak; auziari buruz iritzia eman aurretik eskatutako azkenekoa. Horrek Uribetxebarria askatzearen aldeko edo aurkako iritzia eman ostean, epaileak izango du azken hitza.

Minbizia du Uribetxebarriak, metastasiarekin. Euskal presoa oso larri dagoela berretsi dute txosten medikoek eta hiltzeko arriskua duela —Donostiako Ospitalearen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa—.

Uribetxebarriaren kasua salatzeko eta libre uzteko eskatzeko, elkarretaratze, ekitaldi eta baraualdi ugari izan dira azken asteburu honetan Euskal Herri osoan, eta presoa libre utzi arte gisa horretako ekimenek aurrera jarraituko dutela adierazi dute Herrira mugimenduko kideek. Donostiako Ospitalearen aurrean gose greban jarraitzen dute dozenaka lagunek; Bilbon ere baraualdia egiten ari dira 18 lagunek; Iruñean, 24 orduko mobilizazio iraunkorra egin dute, eta, Barakaldon, 24 orduko baraualdia egin dute Gurutzetako Ospitalean. Baina, Euskal Herrian soilik ez, nazioartean ere hainbat ekimen ari dira egiten Uribetxebarriari babesa emateko, Askapenak dioenez. Argentinan, Londresen, Saharan, Bolibian eta Dublinen egin dira mobilizazioak, esaterako.

Donostiako ospitaleak Uribetxebarriaren osasunaren inguruan kaleratu zuen txostenaren arabera preso arrasatearraren osasun egoerak “ez du atzera bueltarik”, eta diagnostikoaren ondotik Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion presoari hilaren 17an. Baldintzapean aske geratu aurreko pausoa da hau.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s